martes, 3 de febrero de 2009

Eraldaketa prozesuaren faseak

Ondoren aurkeztuko ditugun faseak testuinguruan finkatu behar dira eta komunitate guztiak eztabaidatu eta adostu beharko ditu. Ikastetxeak Ikas Komunitate bihurtzeko prozesuaren parte dira.

1- Sentsibilizazio fasea
Izatez, fase hau eta erabakiak hartzeko fasea proiektuan sartu aurrekoak dira; alabaina, proiektua burutzea erabakitzen bada, une horretan ematen zaio hasiera Ikas Komunitateari.

Fase honetan komunitate partaide guztiek proiektua ezagutzen dute.Fase honetan ikastetxe askok gurasoekin kontatzen dute gelak antolatzeko, euren parte hartzea oso handia eta garrantzitsua izaten ohi da egun horietan eta orduan konturatzen dira irakasleak gurasoekin batera lan egiten lortu ditzaketen hainbat gauzetaz. Aste honetan ilusioa sortzen hasten da. Ondoren fasean lantzen diren atalak deskribatuko dira:

a) Industria-gizartetik informazioaren gizartera pasatzearekin gertatu diren aldaketak aztertzen dira, baita aldaketa hauek gizarte-egitura dualizatu baten definizioan izan dituzten ondorioak ere –gizarte-egitura honetan gizarte eta hezkuntzaren arloko desberdintasun-forma berriak agertzen dira–. Hezkuntza eta prestakuntza funtsezko tresna dira informazioaren gizarte berrian desberdintasunak gainditzeko. Gizarte-zientzietako egile nagusien ekarpen zientifikoak eta beste hezkuntza-praktika batzuetan lortutako emaitza arrakastatsuak abiapuntu izanik, aldaketa-hezkuntza honek izan beharreko ezaugarriei buruz eztabaidatzen da.

Azterketa teoriko hau praktikan nola gauzatzen ari den frogatzen duten benetako adibideak zehazten dira; ikastetxe, auzo eta komunitate guztietako eguneroko jardunean gertatzen diren aldaketa hauek argi eta garbi azaltzen dituzten gizarte-egoerak eta hezkuntza-egoerak jasotzen dira. Errealitatea zehatz-mehatz aztertuta, prestatzen diren pertsonek kalitatezko lanpostuetan lan-munduratzeko aukera gehiago dutela antzeman daiteke, akademikoak ez diren familietako neska-mutilek beharrezko ikaskuntza-instrumentalak eskuratzeko desabantailan daudela ikus daiteke, eta desberdintasun hauetan eskolak ere erantzukizuna duela eta, hortaz, desberdintasun hauek aldatzen lagundu behar duela antzeman daiteke.

b) Sentsibilizazio-fasean zehatz-mehatz aztertzen dira Ikaskuntza Komunitate bihurtzeko prozesuan ikastetxeek bizi dituzten aldaketa orokorrak: ikastetxearen antolamendua, eskola-ordutegia, ikasgelako metodologia, senitartekoen parte-hartzea, honek Ikaskuntza Komunitatean hartzen duen forma, boluntarioak, komunitateko eragileak, beste kulturetako kideekin sortzen diren harremanak... Garrantzi handikoa da gogoeta-saio hauetan aldakuntza honek eragiten dituen aldaketa txiki eta handien inguruan zalantzak, galderak eta beldurrak sortzea. Oso garrantzitsua da sentsibilizazio-fasean parte hartzen duten pertsonek entzule eta hiztun gisa jarrera aktiboa hartzea eta sentsibilizazio-fasean aurkezten den aldaketako hezkuntza-esperientzia ahalik eta hobe uler dadin lagundu nahi izatea; horretarako, beren esperientzia eta ezagutzak gaineratuko dituzte eta eraikuntza-asmoa duten gaiak planteatuko dituzte eztabaida daitezen, betiere guztien parte-hartzea ahalbidetuko duen hizkuntza erabiliz. Honela, eta elkarrizketaren bitartez, prozesuan barne hartzen diren pertsonak Ikaskuntza Komunitateak ikastetxe bakoitzean izan ditzakeen alde onei eta alde txarrei buruz ados jarriko dira.

c) Fase honetan hainbat gairi buruz eztabaidatuko da, hala nola, irtenbideei buruz, hezkuntza-desberdintasuna gainditzeko proposamenei buruz, hezkuntza-desberdintasunak gizartearen eta ekonomiaren arloan dituen ondorio guztiak gainditzeko proposamenei buruz eta mota honetako aldaketa-prozesuei hasiera emateak gizartean, hezkuntzan eta ekonomian izan ditzakeen ondorioei buruz. Abiapuntu gisa eskola-porrota, eskolara ez bertaratzea eta hezkuntza-desberdintasunaren ondorioak gainditzeko ahaleginean emaitza positiboak lortu dituzten hezkuntza-esperientziak aztertu dira, hala nola, Henry Levin-en eskola bizkortuak; J. Comer-en the School Development Program; Slavin-en Succes for all; eta Bartzelonako Verneda-St. Martí-ko helduen eskola. Esperientzia eta programa hauek oso erreferentzia garrantzitsuak dira hezkuntza-eredu arrakastatsua definitzeko, hau da, ondoko arloak oinarri dituen hezkuntza-eredu arrakastatsua definitzeko: iguripen handia, pertsona guztien ikaskuntzak gora egitea, ikastetxeen eta komunitatearen aldaketa orokorra, parte-hartze aktiboa, senitartekoak eta komunitateko kideak eskolaren errealitatearen gero eta esparru gehiagotan prestatzea, ikastetxearen berrantolamendua, ikastetxearen funtzionatzeko modua...

Esperientzia hauetako bakoitzaren oinarriei buruz gogoeta egiteak, hau da, jarraitu diren prozedurei, oinarri teoriko eta metodologikoei eta emaitzen aurrerapenari buruz gogoeta egiteak ikastetxeetan Ikaskuntza Komunitateak ezartzeko elementu eta giltzarri asko ematen dizkigu.

d) Azkenik, komunitateko kideek beren komunitateko eta beren ikastetxeko alderdi sendoez eta ahulez hitz egiten dute, alderdi hauek Ikaskuntza Komunitate bihurtzeko prozesua erraz dezakete edo, aitzitik, aldakuntza hori lortzeko gainditu beharreko oztopoak identifikatzeko lagungarri izan daitezke.

Ikastetxe batzuek beren alderdi sendoen artean senitartekoen inplikazio handia identifikatzen dute eta alderdi ahulen artean ikasleen ikaskuntza-maila definitzen dute. Beste batzuek, aldiz, alderdi ahul gisa ikastetxeak ekipamendu teknologikorik ez izatea definitzen dute eta auzoko erakundeek ikastetxean duten inplikazio handia jotzen dute alderdi sendotzat. Komunitate bakoitzaren errealitatearen analisi honen arabera finkatzen dira kasuak kasu eraldaketa-prozesuak izan beharko duen izaerari buruzko ildoak, betiere sentsibilizazio-fasearen ondoren aldakuntzari ekitea erabakitzen bada.

2- Erabakia hartzeko fasea


Sentsibilizazio-astearen ondoren eta Ikaskuntza Komunitatea osatzeko erabakia hartu aurretik, Klaustroak proiektua bideratu ahal izateko aukerei buruz eztabaidatu behar du eta aldaketak ekar ditzakeen ondorioak baloratu. Komunitateko eragile gisa erabateko konfiantza izan behar du ikastetxearen indarrean eta, honez gain, eta beldurrak eta zalantzak gainditzen ikasi behar da.

Une honetan ikastetxeak erabaki egin beharko du ikastetxea Ikaskuntza Komunitate bihurtzeko prozesuari hasiera emateko konpromisoa bere gain hartuko duen edo ez duen hartuko. Konpromisoa komunitateko kide guztiek batera hartu beharko dute bere gain: irakasleek, familiek, ikasleek eta komunitateko gainerako eragileek.
Horretarako ezinbestekoa izango da ondoko baldintzak betetzea:

-Klaustroaren gehiengoak proiektua garatzearen alde egon beharko du (normalean gehien inplikatzen diren irakasleek eta ikastetxeko behin betiko irakasle gehienek egon beharko dute alde).
-Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak ados egon beharko du.
-Ordezkaritza gehieneko organoak (Eskola Kontseiluak) onartu beharko du.
-Guraso Elkarteak antolatutako batzarraren gehiengoak onartu beharko du.

Erabaki honetara eztabaida, gogoeta eta negoziazioko prozesu baten ondoren heltzen da eta prozesu honetan, esan bezala, hasiera bateko beldurrak, prozedurak eta baldintzak planteatu ahal izango dira. Oso garrantzitsua izango da finkatzea proiektuaren zer elementu izango diren pertsona guztiek bere gain hartzen dituzten gutxieneko baldintzak eta zer elementu egongo diren pertsona batzuen borondatearen mende –pertsona guztiak hauek gauzatzearen aldekoak bagara ere–. Adibidez, hasiera batean talde elkarreragileak kasu jakin batzuetan soilik plantea daitezke, hau da, beren borondatez beren ikasgeletan gauzatzeko prest dauden pertsonen kasuan soilik abiaraztea plantea daiteke.

3- Ametsaren fasea

Proiektuarekin aurrera egiteko erabakia hartu ondoren, fase honetan ematen zaio benetan hasiera ikastetxea aldatzeko prozesuari. Fase honetan gure gustuko ikastetxea finkatu behar dugu guztion artean, hau da, zein motatako ikastetxean ikasi nahi dugun edo irakatsi nahi dugun, zer motatako ikastetxera eraman nahi ditugun seme-alabak eta abar finkatu behar dugu. Aldaketarako ekarpenak egin ondoren, komunitateak guztientzat nahi duen ikastetxea adostuko du.

Irakasleei eta komunitatearen gainerakoari beren seme-alabentzat nahi izango luketen eskola amesteko proposamena egiten zaie. Planteamendu honekin diskurtso bikoitzak saihestu nahi dira, hau da, saihestu nahi da norberaren seme-alabentzat mota jakin bateko eskola egokia izatea edo curriculum-ibilbide jakin bat egokia izatea (eskola barrukoa eta eskolaz kanpokoa barne hartuta) eta gainerakoentzat horixe bera egokia izan ez daitekeela pentsatzea. Pertsona askok zalantzan jartzen du neska-mutilek ikastetxean oso adin txikiarekin ordenagailua erabiltzen hastearen komenigarritasuna. Beste pertsona askok aparatuekin ez direla batere ondo moldatzen, baina beren seme-alabek adin horietatik bertatik etxean ordenagailuak dituztela esaten dute. Beste pertsona batzuen iritziz zertxobait handiagoak direnean bultzada handia eman behar zaio ordenagailuaren erabilerari. Ildo honetan profesional askorentzat garrantzitsuena ez dira edukiak, pertsonen garapen integrala eta giro ona baizik; ikaskuntza instrumentalak bigarren mailan uzten dituzte. Aitzitik, pertsona horiek beraiek oso goiz irakasten diete beren seme-alabei irakurtzen eta idazten eta ingeleseko eskoletara eramaten dituzte edo udan Irlandara eramaten dituzte; hauetako batzuek, gainera, eduki hauek curriculumean garrantzi handia duten ikastetxeetara eramaten dituzte beren seme-alabak.

Proposamen honi esker errazagoa da familiekin elkarrizketan jardutea, guztiek ametsa bera izango baitute: norberaren seme-alabentzat onena. Profesional garen aldetik ez dugu guretzat egokiena dena gainerako pertsonentzat ere hala izan behar duela erabaki behar, are gutxiago pertsona horien iritzia kontuan izan gabe. Aitzitik, informazioak eta argudioak eman beharko ditugu gainerakoek ere gure seme-alabentzat nahiago dugun curriculum-mota balora dezaten. Abiapuntu honetatik bideratzen da inplikatuta dauden gainerako aldeekiko elkarrizketa. Elkarrizketa honetan norberaren balioak, interesak eta kultura gaineratuko dira eta horretarako bakoitzak bere argudioak emango ditu eta eskolaren eta irakaskuntzaren eredua adostuko da; erlatibismoa, etnozentrismoa edo kulturabakartasuna gainditzen saiatuko da. Ez da guztia definitu edo adostu behar, proiektuaren hurrengo faseetan garatu eta zehaztuko diren alderdirik garrantzitsuenetan ados jarri beharko da.

Amets gisa planteatzen denez gero, hizkuntza teknikoa eta baztertzailea baztertu egingo da eta, hala, pertsona guztiek parte-hartzeko aukera izango dute –bere gizarte-maila eta kultura edozein izanik ere–. Guztiok egin dezakegu amets, baita adin desberdineko neska-mutilek ere; txikienek beren ametsak fantasiazko istorio bidez marraz edo konta ditzakete.

Bestalde, ametsaren bitartez baldintzatzaileak eta iguripen txikiak gainditzeko aukera izango dugu, baita zati bateko errealitatearen ikuspegiarekin lotuegiak dauden iguripenak gainditzeko aukera ere. Askotan ez dira pertsonen benetako iguripenak azaltzen; batzuek horretarako eskubiderik ez dutela pentsatzen dute eta beste batzuei beren ametsak ezinezkoak iruditzen zaizkie eta ez dute horretan pentsatzen ere. Maila akademiko jakin bateko pertsona askok irudi nahikoa negatiboa du beraiek edo beren seme-alabek ikaskuntza akademikoetarako duten gaitasunari dagokionez. Okerrena gaitasun-gabezia hau interes-ezarekin edo motibazio-gabeziarekin nahastea izaten da.

Ametsa berdintasunaren mailatik egitea sustatzen denean, ezarri diren edo nork bere buruari ezarri dizkion oztopo horiek hausten hasten dira eta guztiok antzeko nahiak ditugula antzematen dugu. Hau elkarrizketa sortzeko eta ekintza dinamizatzeko garrantzi handiko motore bihurtzen da.

Ahalegin guztiak bideratuko dituen utopiatzat hartzen da ametsa. Hori dela-eta, gure urratsak eta gure seme-alaben hezkuntza gidatuko duen ametsa edo utopia guztion artean eraikitzea izango da ekintza nagusietako bat. Ezinezkoa da itxaropenik gabeko heziketa, itxaropenik ez duten hezitzaileak beren praktikaren aurka doaz. Norabiderik gabeko gizon-emakumeak dira. Arduragabeek pentsatzen dutenaren aurka, errealitate kontraesankorrean barne hartzen denaren hizkuntza –­errealitatea hain zital ez egitearen ametsak bultzatuta­– aukeraren hizkuntza da. Bere utopiaren alde eraman ezina den pazientzia handiz borroka egiten duenaren neurrizko hizkuntza da (Freire, P. 1997, 57 or.)

Ikaskuntza guztion arteko elkarrekintza-prozesutzat hartuta, Ikaskuntza Komunitateen hezkuntza-helburuetako bat elkarrizketa sustatzeko egoera ezin hobeak sortzea izango da. Ildo honetan irakasleen ekarpena garrantzi handikoa izango da. Gaur egun irakasleen klaustroari ikastetxearen curriculum-proiektuaren gaineko erantzukizuna esleitzen zaion arren, erantzukizun honek ez du esanahi komunitateko gainerako kideek ezin dituztela curriculum-gaiak aztertu; aitzitik, gai hauei eta beste batzuei buruzko eztabaida eta gogoetaren bitartez hobe bete ahal izango da erantzukizun hori.

Familien, irakasleen, ikasleen, auzoaren eta gizartearen arteko komunikazio-elkarrekintzan oinarrituta soilik eraiki daiteke hezkuntza-proiektu eta curriculum-proiektu erabilgarria. Elkarrizketa-giro hori sortzea izango da, hain zuzen ere, gure gizartean egin beharreko funtsezko zereginetako bat. Pertsona guztien ahotsekin eraikitako elkarrizketan garatzen da gure proiektua; izatez, berdintasunezko elkarrizketa honetan desberdin izateko eskubidea barne hartzen da.

Fase hau burutzeko hamaika estrategiari jarrai dakioke, Ikaskuntza Komunitateak ere askotarikoak izan daitezke-eta. Garrantzitsuena guztientzako eskola izatea eta eskola horretan jende guztiak ekarpen gisa gaineratu ahal izango duen zerbait izango du, horixe da garrantzitsuena. Ekarpen hori modu askotara egin daiteke: banaka edo taldeka (irakasleak, gurasoak, ikasleak...), ahoz edo idatziz egin daiteke...

Ondokoak dira ametsean planteatzen diren dinamikak:

· Taldeka biltzea lortu nahi den ikastetxea asmatzeko.
· Lortu nahi den ikastetxearen ereduari buruzko erabakia adostasunaren bidez lortzea.
· Ikaskuntza Komunitatearen ezaugarriak testuinguruan finkatzea.

Fase hau hainbat modutara antola daiteke ikastetxe bakoitzaren taldekatzeen eta lan-dinamiken arabera. Ikastetxe guztiek desberdin egin dute amets: batzuetan guztiek batera, beste batzuetan bereizita.

4- Lehentasunak aukeratzeko fasea, antolamendua eta kudeaketa

Ikas Komunitateen planteamenduak hezkuntza-eragile guztien parte-hartze eraginkorra aintzat hartu eta erraztuko duten erreferentziazko esparru berriak ezartzea exijitzen du, besteak beste. Proiektuak hezkuntza formala ingurunearen aldaketa eta garapen kulturalerako baliabide bihurtu nahi duela kontuan izanik, bi esku-hartze izango dira hau lortzeko funtsezkoak:
· Egitura-esparrua aldatzea
· Metodologia-esparrua berregituratzea

Artikulu honetan egitura-esparruaren aldaketa izango dugu aztergai eta alderdi metodologikoak hurrengo kapituluan aztertuko dira.

Lehenari dagokionez, gaur egun eskolan mantendu ohi diren botere-erlazioak berrantolatzea proposatzen da; hala, ikastetxeko ikasleen hezkuntzarekin lotzen diren alderdirik garrantzitsuenei buruzko erabakiak hartzerakoan berdintasunetik parte hartzeko aukera emango da eta ez da inola ahaztuko komunitatearen barruan funtzio eta erantzukizun desberdinak daudela, hau da, oso desberdina dela senitartekoa izatea edo irakaslea edo laguntzailea edo boluntarioa izatea.

Egitura-aldaketa abian jarri ondoren, edo honekin batera, esparru metodologikoa berrantolatzeari ekin dakioke, alderdi didaktikoei buruzko eztabaidaren eta adostasunaren bidetik.

Aldaketa honen barruan hasiera batean lehentasunak aukeratzeko fasea planteatzen da. Lehentasunak aukeratu direnean, lehentasun horiek gauzatzeko proiektuaren planteamenduen antolamendu eta kudeaketa egokia definitzen da.

4.1 Lehentasunak aukeratzeko fasea

Fase honek berdintasunezko parte-hartzearen planteamenduari erantzungo dio. Fase hau familiek eta gainerako eragileek curriculum-gaietan esku hartzen duten lehen aldia izango da. Amets egitea utopia bazen, hau da, guztion ahaleginak bideratuko zituen helmuga bazen, lehentasunak, berriz, ikastetxe barruko eta neurri batean kanpoko eguneroko lana gidatuko duten erabakiak izango dira. Garrantzitsua izango da ametsaren alderdi batzuk epe laburrean eta luzean lantzea, betiere garrantzitsua denaren eta egin daitekeenaren arteko oreka gordetzen saiatuz. Garrantzitsua den horretan antzeman diren arazoak edo premiak kontuan hartu behar dira eta inplikatuta dauden pertsona desberdinentzat balio handiko elementuak aintzat hartu behar dira. Egin daitekeen horren barruan gaur egun ditugun edo mugiaraz ditzakegun baliabideak eta alderdi sendoak kontuan izan behar dira. Lehentasunak epe laburrera eta ertainera lor daitezkeen helburuak izango lirateke.

Errealitatea zehatz-mehatz ezagutu beharko dugu, baldin eta ametsaren arabera errealitatearen zein alderdi aldatu behar den jakin nahi badugu eta horretarako zein baliabide dugun jakin nahi badugu. Ikastetxeari berari buruz hausnartzen badugu, ikastetxean zer baztertu, sustatu edo aldatu behar den jakin ahal izango dugu. Komunitateak zehatz-mehatz aztertuko du ikastetxearen eta bere ingurunearen errealitatea: bere historiari buruzko informazio kualitatiboa eta kuantitatiboa; ikasleen, irakasleen eta administrazioko langileen erreferentziak; komunitateko kulturei buruzko informazioa; curriculum-praktiken deskribapena; eskolaren ahalmenen azterlana; irakasleen prestakuntza; baliabideak; familien parte-hartzea; bertaratze-maila; eskola-arrakasta, eskola-porrota...

Horrenbestez, abiapuntutzat ametsa eta testuinguruaren analisia hartuz gero, eraldaketa-prozesuaren jardun zehatzei ematen zaie lehentasuna, egin beharreko aldaketak identifikatzen dira eta aldaketa hauek lortzeko landu beharreko lehentasunak ezartzen dira.

Aukeraketa hau abiapuntu izanik zehaztapen-maila desberdinetan parte-hartzea erraztuko duen antolamendua sortu beharko da eta, hala, hainbat hezkuntza-espaziotan gauzatu beharreko proposamenak finkatuko dira.

Aldaketa ezin da aldez aurretik definitu, pertsona guztien artean eraikitako prozesu bat izango da. Hori dela-eta, ezinbestekoa izango da ikastetxeen antolamendu formalak lehen ahalegina egitea beharrezko topaguneak sor daitezen, bai komunitatearen hezkuntza-estrategiei buruz gogoeta egiteko topaguneak, bai hezkuntza-estrategiak diseinatzeko topaguneak (hezkuntza-prozesuan barne hartzen diren banako guztien kultur garapenaren sustapena barne). Eskola ez da kontzeptuzko edukiak eskura daitezen soilik sustatuko duen espazioa.

4.2. Batzordeak
Ikastetxerako helburu komunak ezartzeko eta lortzeko guztien arteko, hau da, familia, irakasle, ikasle, komunitateko eragile eta abarren arteko lankidetza aktiboa lortu nahi dugu. Horretarako, elkarrizketa-egoera baten barruan eskola-komunitate honetako parte-hartzaile guztiei hezkuntza-erabaki garrantzitsuenetan parte hartzeko aukera ematen zaie eta erabaki hauek abiarazteaz arduratzeko eta erabaki hauen emaitzez arduratzeko aukera ematen zaie. Azken finean, erabakia inplikatuta dauden pertsonen esku dago. Hau sustatzeko lehentasunetako bakoitzarekin lotzen diren batzordeak sortu dira eta batzorde hauetan irakasleek, familiek, hezitzaileek eta boluntarioek hartzen dute parte. Batzorde hauek lehentasun horiei aurre egiteko ekintza-plana proposatuko dute, baita lehentasunetako bakoitzeko sakondu beharreko alderdiak edo prestakuntza, zereginen banaketa eta ebaluazio-prozesua ere. Batzorde hauetan pertsona bakoitzak bere iritziak eta argudioak gaineratzen ditu eta erabakia hartzerakoan ez dio axola proposamena irakasle batek edo senitarteko batek aurkeztea, proposatu diren helburuak lortzeko proposamena egokia izatea baizik.

Hortaz, gaur egungo gizarte-teoriek bizitza kolektiboa baliagarritasunaren oinarrietan antolatzeko egiten duten proposamenari jarraituko diogu eta ez boterearen oinarrietan antolatzeko proposamenari, hau da, gaineratutako argudioen arabera eta ez ekarpen horien mailaren edo posizioaren arabera. Ideiarik onenak batzuetan klaustroko kideek proposatutakoak izaten dira, baina beste batzuetan ikasketarik ez duten gurasoek edo aitona-amonek egiten dituzte. Berdintasunezko elkarrizketa hori antolatuz gero, neska-mutilen kultur testuingurua aldatzen da, Vygotsky-k (1979) neska-mutil hauen ezagutza kognitiboetan aurrera egiteko proposatzen zuen moduan. Aldaketa hori gauzatuko badugu, aldaketa egiteko aukera eman behako dugu eta horretarako aldaketa egiteko aukera ukatzen duten teoriak gainditu behar ditugu (postmodernismoa, erlatibismo), hau da, elkarrizketa oro botere-borondatea ezkutatu baizik egiten ez duen iruzurra dela dioten teoriak gainditu behar ditugu.

Hasiera batean aukerarik ez duela ematen duen pertsona horrengan iguripenak sortuz eskolak aldaketa-ahalmena eragin dezakeen ustea garrantzi handikoa da, benetako haustura-puntua izango da. Elkartasuna eta komunikazioa proiektuaren funtsezko zutabe bihurtzen dira, guztien arteko etengabeko elkarrizketak ikasle guztien hezkuntza errazten eta bultzatzen du. Nolanahi ere, erronka zail baten aurrean gaudela kontuan izan behar dugu; historikoki eraiki diren eta komunikazioa eragozten duten oztopoak hautsi nahi ditugu batzuen onurarako eta beste batzuen kalterako. Gainera, irakasleak eta senitartekoak ez gaude berdinen moduan hitz egiten eta lan egiten ohituta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario