Ikas Komunitate baten moduan hartutako eskola, gizarte-eraldakuntzako eragile gisa eratzen da. Komunitate honen helburu nagusia hau da: ikasle guztiek, eskolatze-aldiaren amaieran eta etorkizuneko lan-merkatuaren aurrean, baldintza berdinetan kokatuko dituzten trebetasunak eta ikaskuntzen multzoa eskura ditzaten bermatzea. Helburu hau ikuspegi dialogiko batetik planteatzen da eta garrantzi handiena ikasleen arteko eta hezkuntza-komunitate osoaren arteko solidaritateari ematen dio. Eraldakuntzako eta ikasketen arrakastako helburuak lor daitezkeen xedetzat hartzeko, eragile desberdinen arteko lankidetzatik eta elkarrizketatik abiatu behar da ezinbestean. Horregatik, ikasle guztiek beren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten, gelan nahiz gelatik kanpo gehiago ikas dezaten eta haien arteko bizikidetza hobetu dadin, komunitateko pertsona guztien lankidetza izatea planteatzen da: gizarte-hezleak, boluntarioak, irakasle ez diren langileak, etab.
Ikaskuntza Komunitatearen eredua komunitatearen partaidetzari dagozkion hiru printzipioei jarraituz eratzen da:
- Guztiona den helburu bat bilatzea: senideek, ikasleek, irakasleek, administrazioko langileek eta irakasle ez diren langileek hainbat xede hitzartzen dituzte eta guztion ahaleginak batzen dituzte xede horiek bete daitezen konpromiso handiagoa lortzeko. Zeregin honi ekiteko erreminta bat amets komuna lantzea da.
- Eskolari buruzko erabakiei dagokienez, eskola-komunitateko eragile nagusien erantzukizun banatua. Printzipio honen bidez eskolako porrota elkarri leporatzeko ohitura, maizegi gertatzen dena, neutraldu nahi da. Horrela, erantzukizuna pertsona bakoitzarena eta guztiona da.
- Eskola-komunitatean dauden baliabide guztien aprobetxamendua. Bereziki azpimarratzen da eskolako eta honen kultura-, gizarte- eta ekonomia-inguruneko pertsona guztien –ikasleak, senideak, irakasleak, beste esparru batzuetako profesionalak, irakasle ez diren langileak eta boluntarioak- ahalmenetan oinarritu beharra. Pertsona eta talde hauekin guztiekin beraien arteko lankidetza zehazten edo formalizatzen duten akordioak edo kontratuak lantzen eta sinatzen dira.
Kalitatezko hezkuntza bat lortzea guztion partaidetzaren araberakoa da. Guztiek parte hartzen dute eraldakuntza-prozesuaren diseinuan, garapenean eta ebaluazioan, aldi berean baliabideak optimizatzen direlarik. Parte hartzeko modu desberdinak daude: batzordeak; prestakuntza; ikaskuntza-kontratuak; festak edo topaketak bezalako guztiontzako jarduerak; eta boluntario gisako partaidetza.
Eskolak eta eragile horiek guztiek dagozkien inguruneetan burutzen dituzten jarduketek xede berberak bilatzeaz gain, Ikaskuntza Komunitateetan ikastetxearen barruan pertsona gehiagoren lankidetza eta eragile guztien prestakuntza planteatzen da funtsezko elementu gisa.
Ikaskuntza Komunitate batean eskola ohikoa dena baino denbora luzeagoz egon daiteke zabalik, adibidez, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, goizeko 08:00etatik (harrera-ordutegi batekin) arratsaldeko 19:00etara gutxienez; ikastetxe batzuetan uztailean ere jarduerak daude eta batzuk, gainera, komunitateko kideek asteburuetan erabil ditzakete. Horrek ez du esan nahi irakasleek ordu gehiagoz lan egin behar dutenik, komunitatearen (eta kasu batzuetan, irakasleren baten ordutegia malgutuz), udalaren, elkarteen eta abarren baliabideak erabili ahal izango direla baizik... eta horrek ohikoak baino ikaskuntza-gune askoz ere gehiago egotea ahalbidetzen du, espazio guztiak bilakatzen baitira ikaskuntza-gune. Horrela, adibidez, jangelak hezkuntza-jangela bilakatzen dira edo liburutegiak tutorepeko liburutegi.
Senideek, irakasle ez diren langileek eta beste profesional batzuek, irakasleekin batera, parte hartzen dute ikastetxe batek landu behar dituen alderdi desberdinei buruzko erabakietan, gehienetan, batzorde mistoen bidez.
Parte-hartzeak ez du irakasleen funtzioa zalantzan jartzera bultzatu, alderantziz, haien zereginaren balioa handitu egin da.
Parte-hartzeak irakasleen prestakuntza ere areagotu egiten du, beren proposamenak elkarrizketaren berdintasunezko planteamendu batetik argudiatzeko, gai batzuetan sakontzeko edo sortzen diren behar berriei erantzuteko premiaren aurrean eta era askotakoak diren beste pertsona batzuen ekarpenak ematen dien aberastasunari esker.
Bestalde, senideek beren partaidetza garrantzitsua dela sentitzen dute eta, ondorioz, gehiago parte hartzen dute, seme-alaben hezkuntzan duten papera indartzen dute eta eskolaz duten ezagutza eta hezkuntza-alderdiei buruz duten prestakuntza areagotzen dituzte. Inork ez du ezer egin behar ados ez badago, gelan erantzukizunak irakasleena izaten jarraitzen du, familiena beren etxeetan dagoen bezala; erantzukizunak ez dira nahasten, baina gelan nahiz etxean egin beharreko gauzei buruzko akordioak lortzen dira. Akordio horiek zehazteko modu bat “ikaskuntza-kontratuak” direlakoak dira.
Guztien artean ikasleek beren gaitasunak ahalik eta gehien garatu ahal izateko formulak bilatzen dira. Puntu honetatik abiatzeak elkarrizketa errazten du, guztion puntu komun bat baita: “beren ikasleentzat onena dena” nahi izatea, irakasleen kasuan, edo beren seme-alabentzat onena dena nahi izatea, senideen artean.
Pertsona guztiek dute eragina ikaskuntzetan eta, beraz, guztiek dute prestatzeko beharra, irakasleek bakarrik ez. Gorago ere aipatu dugunez, hezkuntza-prozesuak jarraituak eta etengabeak dira eta ez dira eskola-esparruan amaitzen. Honek esan nahi du ikaskuntzak ez direla eskolan eskaintzen diren horietara mugatzen. Familiarteko ingurunea oinarrizkoa da prestakuntza ahalbidetu eta errazteko. Ikastetxeek aldatu egin behar dute, familiak beren kezkak azaltzera, beren zalantzak konpontzera, beren eguneroko bizitzako arazoentzako irtenbideak bilatzera eta batez ere prestatzera joango diren espazio izatera iristeko.
Prestakuntzak bere edukiak aldatuko ditu eskola-testuinguruko errealitatearen arabera, baina betiere egungo gizarteak planteatzen dituen premiak kontuan izanik. Oinarrizko prestakuntzatik gatazken tratamenduraino barne har ditzake, informatikako, hizkuntzetako eta ikastetxeko proiektuarekin eta martxarekin erlazionatutako beste gai batzuetako tailerretatik pasatuz. Prozesua sentsibilizazio-fasean hasten da maiz, irakasleekin batera burututako jardueren eta familiei eta komunitateko beste eragile batzuei zuzendutako beste jarduera espezifiko batzuen bitartez. Ikastetxea komunitate osoaren ikaskuntza-zentro bilakatzen da eskolako zereginetatik harantz.
Horrela, prestakuntza antolatzen da senideentzat, guztien artean zalantzak argitu eta ezagutzak areagotzeko. Batzuetan prestakuntza hau irakasleekin batera landuko da, beste batzuetan seme-alabekin eskolaz kanpoko ordutegian eta, oro har, senideek prestakuntza-alorreko beren interesen, beharren eta eskarien arabera egungo informazio-gizartean eskatzen dutena izango da.
Ikastetxe batuetan alfabetatzen edo graduatua ateratzeko prestatzen ari diren taldeak daude, beste batzuk informatika-gela erabiltzen ari dira eta beste batzuek literaturako, gastronomiako, euskarako edo seme-alaben irakurketa- eta idazketa-ikaskuntza sustatzeko moduari buruzko tertulietan parte hartzen dute. Gurasoen eskola tradizionalekiko desberdintasuna da gaiak beraiek aukeratzen dituztela eta, batzuetan, senide batzuek besteei irakasten dietela, adibidez, informatika; edo irakasle erretiratu batek literaturako tertulia bat dinamizatzen du; edo helduen irakasleekin hainbat jarduera koordinatzen dira; edo Udalaren programa bat aprobetxatzen da ikastetxean burutzeko.
8 DOKUMENTUA
Elkarreraginak gelan: Talde elkarreragileak
Ikaskuntza Komunitateetan gelek bidea ematen dute proposatutako helburua guztiak lortu ahal izateko beharrezkoak diren baliabide guztiak izan ditzaten. Ikasleak denbora guztian ikasten egotea eta ohiko baliabideekin ikasten dena baino gehiago ikastea da helburua, zailtasun gehien dituztenek besteen lanaz aprobetxatu ahal izatea, lehenago amaitzen duenak edo jarduera ulertu duenak besteari azaltzea (ez egitea).
Gaur egungo informazio-gizartean, sare-lana eta informazioa aukeratu eta prozesatzeko gaitasunak hain garrantzitsuak direnean, pertsona guztiek ditugun komunikazioko eta ekintzako gaitasunetan oinarritutako ikaskuntzak dirudi eskaera berriei erantzuteko egokiena. Informazioa aukeratu eta prozesatzeko gaitasun horiek hobeto garatzen dira hausnarketa eragiten duen elkarrizketa batean. Zerbait hobeto ikasten dugu azaltzen dugunean edo duela gutxi ulertu duen norbaitek azaltzen digunean, hark gogoan baititu erabili dituen estrategiak. Testu bat hobeto ulertzen dugu eta gehiago motibatzen gaitu testu bera irakurri duten pertsonekin hitz egiten dugunean. Ikaskuntza dialogikoak gelan nahiz gelatik kanpo hausnarketako elkarrizketa hori suspertzen duten elkarreraginen sustapenean jartzen du enfasi berezia.
Elkarreragin horiek ahalbidetzeko talde heterogeneoak bultzatzen dira eta hauetan heldu batek baino gehiagok dinamizatuko du ikasleen lana. Helburua ez da ikasleak beren zailtasunen arabera banatzea, aitzitik, gela barruan haien ikaskuntzak sustatzea da. Zentzu horretan antolamendu bereizgarri bat dira talde elkarreragileak.
Talde hauek sortzeko, gela 4 ikasle-taldetan banatzen da, betiere generoari nahiz ikaskuntza-mailari edo kultura-jatorriari dagokienez heterogeneoak izatea kontuan hartuta. Taldeen kopurua aldatu egingo da gelaren ezaugarrien eta ikasleen adinaren arabera (talde bakoitzeko 4 edo 5 haur Haur Hezkuntzan eta 6 edo 7 Bigarren Hezkuntzan). Saio batean edo bitan talde-kopurua bezainbeste jarduera egiteko antolatzen dira. Jarduera bakoitza boluntario baten tutoretzapean egongo da eta talde guztiak jarduera batetik beste batera pasatzen dira guztietatik pasatu arte, boluntarioa toki batean finkaturik geratuko delarik. Jarduera guztiek xede komun bat dute, bakoitzak helburu espezifiko desberdinak izan ditzakeen arren. Gomendagarria litzateke saio bakoitzean talde bakoitzak jarduera hori baino gehiago burutzea. Horretarako, programatzen diren jarduerek ezin dute luzeegiak izan, arretari eta motibazio-mailari eutsi ahal izan diezaieten.
Ekintzak taldeko jarduera gisa edo jarduera indibidual gisa programa daitezke.Lehen kasuan, jarduera diseinatzean ikasle bakoitzak egin beharreko zereginen arteko elkarren mendetasuna zehazten da eta, beraz, jarduera arrakastaz burutu ahal izateko eman behar den elkarreragin-mota bat bermatzen da.
Bigarren kasuan jarduera indibidualak taldean egitea planteatzen da. Kasu honetan bakoitzak bere jarduera burutzen du eta elkarrenganako laguntza sustatzen da, alegia batzuek besteei nola egiten ari diren azaltzea, sortzen diren zalantzak argitzea, etab.; hau da, bakoitzak jarduera solidaritatezko giro batean ahalik eta ondoen burutu ahal izan dezan beharrezkoak diren elkarreraginak.
Talde bakoitzean boluntarioak arreta handiagoz jarrai dezake ikasle bakoitzaren lanaren garapena, zailtasunak identifika ditzake eta elkarri lagunduz konpontzea bultza dezake, egiteko dagoen lana ugalduz, elkarreraginak aberastuz eta ikasleek dinamismoarekiko duten zaletasunarekin konektatuz. Gelako arduradun den irakaslea izango da jarduerak lortu behar diren curriculum-helburu batzuen inguruan programatu, saioa dinamizatu eta denborak koordinatuko dituena.
Taldeetan sortzen den dinamikak ikasle guztiak norberaren ikaskuntzaren arduradun sentitzea ziurtatzen du, bai eta ikaskideen ikaskuntzaren arduradun sentitzea ere. Talde elkarreragileetan rolen aldaketa suspertzen da: ikasleek irakatsi eta beste batzuetan beren ikaskideengandik ikas dezakete. Berdintasunezko elkarrizketan oinarrituz ikasleek elkarri laguntzen, ahaleginak banatzen, gauzak modu ahalik eta eraginkorrenean azaltzen, animatzen, eztabaidatzen eta solidario izaten ikasten dute.
Horrela, dinamika berean, bi garapen izaten dira: solidaritatea edo beste kulturekiko eta aniztasunarekiko errespetua bezalako baloreen ikaskuntza (elkarri laguntzea), eta ikaskuntza instrumentala, laguntza jasotzen duena nahiz azalpena emanez laguntzen duena, biak, ikasten ari baitira. Horrela eskola-errendimenduen maila gorenera irits daiteke.
Saio bakoitzaren ondoren egindako jarduerei eta horiek taldeetan lantzeko moduari buruzko balorazioak egin daitezke, gelako alderdi metodologikoetan etengabeko hobekuntzak edo berrikuntzak sartzeko xedez. Horrek irakaslearen eta boluntarioen artean koordinazioa izatea eskatzen du eta, gela barruan, koordinazio hori konplizitate handi batean eta haurren ikaskuntzarekiko ilusioa eta itxaropen handia banatzean islatuko da.
Boluntarioen parte-hartzeak, beste baliabide bat izateaz gain, estilo, ezagutza edo harremanak izateko modu anitz ekartzen ditu. Prestakuntza eta esperientzia desberdinak izandako pertsonak dira eta, beraz, klaustroak egin ditzakeenak ez bezalako ekarpen desberdinak egin ditzakete. Boluntarioen parte-hartzeak, gainera, burututako jardueretan sormena handiagoa izatea eta irakaslearen eta boluntarioen arteko lankidetzaren bitartez hobeto irakasteko modua etengabe bilatzea ere sustatzen du. Halaber, zerbaitetan borondatez parte hartzen duen pertsona baten solidaritate-, gogo- eta ilusio-plus bat ekartzen du, ikasleei dagokienez itxaropen handiak sortzen dituzte, bereziki zailtasun gehien dituztenekin, eta haiengan beren ikaskuntza-prozesuari ekiteko gaitasun eta alderdi edo ikuspegi desberdinak aurkitzen laguntzen dute. Boluntarioak zenbat eta desberdinagoak izan, orduan eta aberatsagoa izango da elkarreragina eta orduan eta errealitate gehiago barne hartuko ditu.
Boluntarioen parte-hartzea mugatua da beren ahalmenen arabera (pertsona bat astean egun batez egon daiteke, beste batzuk arratsaldero edo arratsalde batzuetan, etab.), baina sistematikoa izan behar du eta konpromiso bat eskatzen du.
Talde heterogeneoen bitartez guztien ikaskuntza indartzen da, inolako diskriminazio-motarik gabe, gela bereziak edo kanpoko unitateak sortuz problematikotzat, liskargiletzat, moteltzat edo ikaskuntza-zailtasunak dituzten ikasletzat hartzen diren haurrei eman nahi zaizkien irtenbide partzialak gaindituz. Ikasleei etiketak jartzeak eta gaitzat hartzen direnak gaitasun gutxiago dutenengandik bereizteak hezkuntza-desberdintasuneko egoera bat eragiten dute, gizarte-talde eta kultura desberdinen artean dauden gizarte-desberdintasunak kopiatuz.
Ikasleak mailen edo erritmoen arabera taldekatzen direnean, hau da, taldekatze malguak direlakoak egiten direnean, ondorioak oso txarrak dira. Ikaskuntza-zailtasunak dituzten ikasletzat hartzen direnengan proiektatzen diren itxaropen urriek, gainerako ikasleen eta komunitatearen aldetik jasotzen duten deskalifikazioarekin batera, barneratu egiten dira maiz, eskola-porrota eraginez. Talde bizkorrenen eta motelenen arteko tartea
handitu egiten da urtetik urtera, kultura nagusiko ikasleen eta gutxiengoan dauden kulturetako ikasleen arteko tartea bezala. Ez da harritzekoa, kasu honetan, galtzen ateratzen dena bihurritzea eta gatazken eta bizikidetza-arazoen protagonista izaten amaitzea.
Guztion arteko ikaskuntza bermatzen denean eta lehiakortasuna solidaritateak ordezten duenean, jatorri desberdinetako ikasleen eta familien arteko bizikidetza-arazoak desagertu egiten dira arian-arian eta guztion artean gabezia-ikuskerak edo ideia arrazistak gainditzen laguntzen da.
Komunitatean bizikidetza baketsua ez da inposatzen, aitzitik, gelaren eraldakuntza horrekin jarraitzeko beharrezko baldintzatzat hartzen da; eraldakuntza hori beren bizitzarako positiboa dela ikusten baitute.
martes, 3 de febrero de 2009
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario