martes, 3 de febrero de 2009

IKAS KOMUNITATEAK

Ikaskuntza Komunitateen proiektua hezkuntzaren praktikan aldaketa eragiteko proiektu bat da eta aldaketa honen bitartez industri gizartea informazio-gizarte bihurtzeak eta gaur egungo gizartean gertatzen ari diren gainerako gizarte-aldaketa guztiek sortarazten dituzten erronkei eta premiei berdin erantzun nahi zaie.

Maila guztietan (ekonomian, gizartean eta abar) aldaketa handiak ari dira gertatzen, guztiok egunero ikus dezakegun moduan. Euskadi erabat murgilduta dago aldaketa-prozesu horretan. Dagoeneko gure ekonomiaren %55 baino gehiago zerbitzu-sektorekoa da eta gure industria Europaren batezbestekoa baino azkarrago ari da handitzen jasan duen birmoldaketaren ondoren; bidaiarien gehikuntza oso bizia da...

Aldaketa hauek guztiek ez dute eragin bera pertsona guztiengan eta adierazitako prozesuekin batera bestelako gizarte-bazterketako prozesu latzak ere agertzen dira: lanik ez duten eta, bizi duten bazterketa-egoera dela-eta, lana lortzea oso zaila duten pertsonak; gutxieneko egonkortasuna duen lanpostua izateko behar besteko prestakuntza ez duten pertsonak; oinarrizko titulazioa lortu aurretik eskola-porrota edo eskola-uztea nagusi den gizarte-taldeak; bazterketa-egoeran bizi diren gutxiengo etnikoak edo kultur gutxiengoak… Honez gain gizartearen zein eskolaren esparruan gora egin dute egoera gatazkatsuek.

Gaur egungo gizarteko analista garrantzitsu guztiek, Sen Nobel saritik hasita Castells soziologora, informazioaren kapitalismoaren eraginez desberdintasunak areagotu egin direla ohartarazi digute.
Une honetan gure lurraldeetako pertsona eta kolektibo guztiak aldaketa hauen protagonista eragile bihur daitezen lortzeko erronka planteatu da Europar Batasunean eta hezkuntza hartu da aho batez erronka honi aurre egiteko oinarri-oinarrizkotzat.

Hala eta guztiz ere, aldaketa hauekin batera eskolara begiratu eta eskoletan oso aldaketa txikiak gertatu direla ikus dezakegu, Haur Hezkuntzako zenbait alderditan eta Lehen Hezkuntzako hainbat esperientziatan izan ezik. Izan ere, erreferentziazko elementutzat metodologia nola hala aktiboak erabilita hainbat jakintza eman behar dituen irakasle bat eta ikasle-talde bat hartzen jarraitzen da. Irakasle horrek eman behar dituen edukiak maila edo zikloen arabera finkatzen dira eta eduki hauek norbanakoen ezaugarriak edo ikastetxearen testuinguruaren arabera malgutu ahal izango dira. Ikasleek eduki hauek zein mailatan bereganatu dituzten hainbat ebaluaziotan egiaztatzen da, ikasleek ebaluazio horietan jaso, memorizatu eta, kasurik onenean, eraiki duten guztia “irauli” behar baitute.

Dinamika honetan eta eskola-porrotari eta bizikidetasunari dagokionez sortzen ari diren arazoen aurrean ez da eskola aldatu behar denik pentsatzen. Oro har, arazoa ikasleena edo beren familiena edo beren inguruarena dela pentsatu ohi da. Hori dela-eta, askotan neurri nolabait baztertzaileak hartu izan dira, hala nola beren urritasunak konpentsatzeko ikasgeletatik ateratzea, talde malguak sortzea eta/edo eduki konplexuak eta beharrezkoak baztertu eta norbanako curriculum-egokitzapenak egitea; horrela etapa horretako helburuak lortzeari uko egiten zaio, ikasle horrek inolako minusbaliotasunik izan gabe. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, aldiz, zailtasun handiagoak dituztenak biltzeko eta ikasgela arruntetatik eta, ahal izanez gero, ikastetxetik bertatik ateratzeko proposamena egin ohi da.

Etengabe egiaztatzen dugu mota honetako neurriek ez dutela egoera hobetzen eta, are gehiago, hainbat kasutan egoera okertu baino ez dutela egiten. Eskola-porrotak oso handia izaten darrai eta kopuru horietan erdikaltetutako ikasleen oso ehuneko handia antzematen dugu. Pertsona askorentzat hau guztia saihestezina da, pertsona hauen iritziz eskolak ezin du gauza handirik egin, eskolaratzea biztanleria osora zabaltzeko ordaindu beharreko prezioa dela eta eskolak gizartean gertatzen diren desberdintasunak irudikatu besterik ez dituela egiten uste baitute.

Nolanahi ere, munduko alde desberdinetan garatu diren hezkuntza-mailako teoria, analisi eta proiektuek frogatzen dutenez, eskola funtsezkoa da pertsonei baztertuta ez geratzeko eta gizarteratu eta lan-munduratzeko beharrezko gaitasunak eskaintzeko. Eskola informazio-sektorearen parte da, eskolan informazioarekin, hots, jakintzarekin, egiten da lan, informazioa hautatu egiten da, prozesatu egiten da, aplikatu egiten da. Izatez, hezkuntzaren esparruarekin lotuta dagoen lanbidea duen guraso bat edo biak dituzten seme-alabek osatzen dute eskolan arrakasta handien duten sektoreetako bat. Gaur egungo eskolak ikasle orori gaitasun horiek emango badie, eraldatu egin beharko da.

Euskal Hezkuntza Sisteman XXI. mendeko premietara egokitzeko aldaketak ari dira gertatzen eta ondoko alderdietan laburbil daitezke ildo edo programa nagusiak: informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzea, ikastetxe guztietan Interneten sartzeko aukera izatea, hizkuntzen eta bestelako arlo instrumentalen ikaskuntza eta tratamendu integratua burutzea, eskola-porrotari aurre egiteko estrategia eta programak garatzea eta ikastetxeetan bizikidetasuna hobetzea.

Testuinguru honetan Ikaskuntza Komunitateak XXI. mendeko hezkuntzaren premia eta erronkei aurre egiteko sortu dira. Hauek ondokoa alderdietan laburbil daitezke:

· Desberdintasunak gainditzea. Informazioaren gizartean hezkuntza-berdintasunaren aldeko apustu argia egin behar da, pertsona askok bizi dituzten gizarte-bazterketako prozesuei eta desberdintasun-egoerei aurre egingo bazaie. Honela kideetako bakar batek ere goi-mailako ikasketarik ez duen familietatik datozen ikasleen artean nagusi den porroterako joera alderantzikatu nahi da.

· Pertsona guztiei gaur egungo premiei aurre egiteko kalitatezko hezkuntza bat eskaintzea.
Pertsona guztiek eskolan urte batzuk eman behar dituztenez gero, eskola funtsezko espazio izan daiteke gaitasunak garatzeko eta guztiok informazioaren gizartearen barruan egoera berriei aurre egiteko tresnak garatzeko. Adierazitako gaitasun hauetako batzuk ondokoak dira:
- Informazioa prozesatzea, aukeratzea eta sortzea edo aplikatzea
- Malgutasuna, talde-lana, erabakiak hartzea, autonomia.

· Pertsona guztiei elkarrizketa eta kritikarako gaitasuna eskaintzea Euskal Herrian berdintasunezko eta kultur arteko gizarte solidarioa eraikitzearren.
Eskola elkarrizketarako gaitasun hori garatzeko funtsezko sozializazio-espazioa da. Talde desberdinen eta kultura desberdinen arteko elkarrizketa, komunitatea osatzen duten agente desberdinen (ikasleen, irakasleen, familien, irakasleak ez diren langileen, elkarteen, hezitzaileen…) arteko elkarrizketa.

Eskolak ezin die berak bakarrik premia guzti hauei aurre egin. Gero eta ikerketa eta azterlan gehiagok jakinarazten digute ikaskuntza ez dela irakasle-ikasle harremanaren edo ikasleen arteko elkarrekintzaren bitartez soilik gertatzen. Ikasleek bizi dituzten testuinguruetako bakoitzean (familian, auzoan, eskolan…) gertatzen da ikaskuntza. Ikaskuntza desberdinen artean batura gerta dadin eta kenketarik gerta ez dadin behar-beharrezkoa da nolabaiteko jarraitasuna izatea eta testuinguru desberdinen artean erlazioa egotea. Eskolako eta familiako kulturek bat egiten dutenean, nahiz eta familiaren eta eskolaren artean elkarrizketarik ez izan, gertatzen da batez ere jarraitasun hau. Hala ere, eskolako eta familiako kulturak desberdinak izanik jarraitasun hori lortu nahi bada, beharrezkoa izango da ildo horretara bideratuko den asmo-ekintza gauzatzea eta elkarrizketa eta lankidetza sendotzea.

Bestetik, hezkuntza-sistemak dualizaziorako joera gainditu behar du, dualizaziorako joera hau aniztasun horietako batzuen atzean edo horiez gain gizarte-desberdintasunak daudela ahaztu egiten duten aniztasunaren tratamendu edo konpentsazio-planteamenduen ondorio dira. Ildo honetan, ingurua aintzat hartu behar dela eta ingurura egokitu behar dela proposatzen denean desberdintasunari eutsi egin behar zaiola ari da proposatzen. Batetik, ahalegina eta arestian deskribatu ditugun gaitasunetako batzuk edo guztiak neurri handiagoan edo txikiagoan lantzen dituzten eta ikasleek goi-mailako ikasketak osa ditzaten lortzera orientatzen diren ikastetxeak ditugu. Beste muturrean, beren ikasleek edo beren ikasleen zati batek gutxieneko eduki batzuk, bizikidetasun-ohiturak eta beren ingurunean behar dituzten baliabideak ikas ditzaten lortzera orientatzen diren ikastetxeak ditugu. Kasu hauetan ikasle horiek hezkuntza-maila jakin batzuk lortzeko interesik edo aukerarik ez dutela hartzen da abiapuntutzat eta honela diskurtso bikoitzak indartu egiten dira: gainerako seme-alabentzat hezkuntza jakin bat antolatzen dugu eta gure seme-alabentzat beste hezkuntza bat ziurtatzen dugu.

Ez da testuingurura egokitzea proposatzen; aitzitik, testuingurua aldatu nahi da, Vygotsky-k (1979) proposatu zuen moduan eta gizarte-teoriek (Habermas, 1987, 1998) eta hezkuntza-teoriek (Freire, 1997) proposatzen duten moduan. Aniztasunaren aberastasuna eta aniztasunaren alderdi positiboak hartu behar dira aintzat, aniztasuna bera hartu behar da abiapuntutzat, baina desberdintasuna eragiten duen guztia aldatu behar da, guztion aberastasuna lortzen saiatu behar da.

Ikaskuntza Komunitateen proiektua Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta CREAren artean sinatutako lau urteko hitzarmenaren ondorioz sortu da eta hitzarmen honen bidez CREAk diseinatutako proiektua Euskadiko lau ikastetxetan jarri da abian. Ikastetxe aitzindaria Portugaleteko (Bizkaia) “Ruperto Medina” ikastetxea izan da, ikastetxe honek 95-96 ikasturtean eman zion hasiera esperientziari. Ondoren, 96-97 ikasturtean beste hiru ikastetxe gaineratu zitzaizkion: Gasteizko “Ramón Bajo” ikastetxea, Bilboko “Artatse” ikastetxea eta Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) “Karmengo Amaren Herri eskola”. Lau urte hauetan aholkularitza-lanak CREAren eta ikastetxe bakoitzeko esparruko Pedagogi Aholkutegietako aholkulari baten esku izan dira, hau da, Gasteizko Pedagogi Aholkutegiaren, Errenteriako Pedagogi Aholkutegiaren, Sestaoko Pedagogi Aholkutegiaren eta CEIren aholkularien esku. Gaur egun ikastetxe hauez gain beste ikastetxe batzuk ere ari dira esperientzian gaineratzen, hala nola Lekeitioko LHI eta Etxebarriko San Antonio LHI; gainera beste hiru ikastetxek ere eskatu dute gai honetako prestakuntza (Lamiakoko LHIk, Marcos Sagasti LHIk eta Kueto LHIk). Aholkularitza-taldea ikastetxe bakoitzari dagokion Pedagogi Aholkutegiko aholkulariez osatuta dago, betiere CEIren koordinaziopean.

PROIEKTUAREN OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

Proiektu honek ikasteko eta irakasteko ilusioa piztu nahi du, gaur egungo egoerak ez du inor asetzen eta guztion nahia da haur bakar batek ere ez dezala bere kulturagatik, estatusagatik, generoagatik edo gaitasunagatik bere burua baztertutzat har, ikastetxeek kalitatezko hezkuntza eman dezatela, irakasleak berritzeko, esperimentatzeko eta ikasgeletan ikasteko autonomia handiagoa izan dezala, familiek eta komunitateak beren seme-alaben hezkuntza integralaren partaidetzat har dezatela beren burua eta, era berean, gizarte-testuingurua alda dadila eta guztiontzako aberasgarriagoa izan dadila.

Eskolak, informazioaren sektoreko partaide gisa, guztiek beharrezko tresnak eskura izatearen eta aldaketa gertatzearen alde egin dezake lan, desberdintasunak murritz daitezen lagun dezake, komunitateko agente guztien parte-hartze kritikoa eta aktiboa susta dezake eta agente hauen artean –agentea hauek berdintzat hartuta– elkarrizketa susta dezake eta hori guztia desberdintasuna errespetatu eta aintzat hartuta.

Nahi dugun eskola diseinatzeko eta diskurtso bikoitzak saihesteko gure seme-alabentzat nahi genukeen eskola egitea planteatzen da. Hori dela-eta, irakasleek eta beste agente batzuek zein motatako eskola diseinatu nahi dugun gaiari buruzko gogoeta egiterakoan beren seme-alabentzat nahi duten eskola hartuko dute erreferentziatzat eta ez planteamendu ideologiko eta pedagogiko desberdinetatik edota errealitatearen irakurketa desberdinetatik definituko luketen eskola.

Funtsezkoa da helburuak partekatzea. Testuinguru desberdinetan ikasten bada eta testuinguru hauek koordinatuta egotearen arabera eta/edo testuinguru hauen artean nolabaiteko jarraitasuna egotearen arabera gehiago edo gutxiago ikasten bada, gomendagarria izango litzateke –eta aztergai ditugun egoera hauetan ezinbestekoa– komunitateko kide guztiek ikaskuntzaren helburu berak izatea eta, hala, ahalegin guztiak noranzko berean bideratzea, guztiok batera helburu bera lortzearren.

Komunitateko kide guztien parte-hartzea. Helburuak partekatzeko irakasleen parte-hartzea ez ezik, familia, ikasle, elkarte, irakasle ez diren langile, boluntario eta abarren parte-hartzea ere beharrezkoa izango da. Parte-hartze honek ikastetxeari, ikaskuntzari eta beste alderdi batzuei buruzko erabakietan du eragina, bai eta aurretiazko prestakuntzaren ondoriozko ikasgelako edo ikastetxeko lankidetzan, familiakoen prestakuntzan eta beste hainbat alderditan ere. Nahi dugun eskola irakasleen eta komunitateko gainerako kideen artean diseinatzen da. Lana kudeatzeko organo berriak eratzen dira (batzorde mistoak) eta komunitateak hauetan duen parte-hartzea zeregin zehatzetan oinarritzen da.

Parte-hartze hau ikasgelaraino hel daiteke eta, horrela, ikasgela batean ez du beti irakasle bakar batek talde batekin bakarrik lan egingo, batzuetan irakaslearen koordinaziopean hainbat helduk (boluntarioak…) egingo dute lan. Hauen artean elkarrizketa nagusituko da eta ikasleekin ere elkarrizketa sortuko da, elkarrizketa hauek guztiok elkarrekin aberasteko baliagarri izango dira eta hauen bitartez ingurua ere aldatzen hasiko da.

Kultura desberdinetako pertsonen artean parekotik parekorako elkarrizketaren bitartez konpromiso eta negoziaziorako maila handiko berdintasunezko parte-hartze handiagoa lortzen den heinean hitz egin ahal izango da benetako kultura arteko hezkuntza sustatzeko bideaz.

Pertsona guztiak gara gure gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko gauza eta, horrenbestez, iguripen handiko giroa sortzen dugu, ikasleei dagokienez nola irakasleei, familiei eta komunitateari dagokienez; guztiok dugu talentua eta talentu hori komunitatearen alde jartzeko antzeman behar dugu.

Ikasleek normalean aplikatzen dutena baino gaitasun handiagoa dute. Osabidezko planteamendu batetik pertsona guztiek dugun komunikaziorako eta ekintzarako gaitasunetan oinarritzen den planteamendu aberasle batera pasa gara. Defizitetan oinarritu beharrean aukeretan oinarritzen da. Gutxieneko helburuak finkatu beharrean gehieneko helburuak finkatzen dira eta helburu hauek lortzeko bitarteko guztiak jartzen dira.

Oro har, irakasleak, tradizionalenak zein aurrerakoienak, bat datoz interes komun batean, hau da, ikasleek arrakasta izan dezaten, ikas dezaten interesean. Premisa hau eta pertsona bakoitzak dituen interesak edo gaitasunak oinarritzat hartuta esleitzen zaio bakoitzari zereginik egokiena.

Familia guztiek nahi dute beren seme-alabentzat onena. Hauxe izan beharko luke hauekiko elkarrizketaren abiapuntua eta hori planteatzeko formula berriak bilatu beharko dira: batzordeak, kafearen ordua, solasaldiak… Elkarrizketa hori elkarrekiko prestakuntzaren oinarria da, irakasleak ezagutzen ez zituzten elementu berriekin aberasten dira eta gainera ziurtzat hartzen zituzten gaiei buruz gogoeta eginarazten die, hauek azaldu eta argudiatu beharko baitituzte. Bestalde gogoeta hezkuntza-prozesuetan, hezkuntza-harremanetan eta ikaskuntza instrumental eta kulturaleko edukietan oinarrituta, familiak ere aberastu egiten ditu. Gainera, irakasleak ez ezik, prestakuntza eskatzen duten familiakoak, boluntarioak eta prestakuntzaren gainerako agenteak ere prestatzen dira eta horretarako ikastetxearen instalazioak eta baliabideak erabil daitezke (informatikako gelak, solasaldietarako aretoak…).

Nagusiena ikaskuntza da. Haur guztiek beren gaitasunak ahalik eta gehien garatu ahal izan ditzaten formula alternatiboak bilatzen dira guztien artean. Ikasleei ahalegina eskatzen zaie, ikaskuntza suspertuko duen ingurunea bultzatzen da,ikasgelan eta ikastetxean beti lanean aritzea bultzatzen da eta horretarako eskola-orduak gehitzen dira. Hori dela-eta, komunitatearen, hots, boluntarioen parte-hartzea hartuko da kontuan, beharrezkotzat hartzen bada (ikasgelan bertan ikasleek beti laguntza izan dezaten zein eskolaz kanpoko orduetan ikasleentzat eta irakasleentzat aberasgarriak izango diren jarduera anitz eginez, ordutegi zabal batean zabalik izango den eta tutore bat izango duen liburutegia, eskolako jantoki hezitzailea…) Ikaskuntza sendo, konplexu, garrantzitsu edo oinarrizkoak planteatzen dira, hala nola informazioa prozesatzea eta aukeratzea, talde-lana, proiektuak, hizkuntzak… Baliabiderik onenak, metodologiarik onenak, hezkuntza-praktikarik onenak, elkarrekintza-taldeak, interneterako konexioak eta abar eskaintzeko ahaleginak egiten dira.

Ikaskuntzaren ordutegia zabaldu egiten da eta horretarako tutoreak dituzten liburutegiak antolatzen dira –liburutegi hauetan irakasleak ez ezik, familiakoak eta boluntarioak ere badaude–, jantokia jantoki hezitzaile bihurtzen da, eskolaz kanpoko jarduerak aberasgarriak dira, guztion parte-hartzea sustatzen da, ikastetxeko ateak lehenago zabaltzen dira goizez…

Gizarteratzea
Gizarte-bazterketaren arazoak hezkuntza-esparrua gainditzen du, eskolak gizarte-bazterketa iraunarazten lagun dezake, inguru kaltetuetako ikasleen eskola-porrotaren bitartez, edo gizarte-bazterketa gainditzen lagun dezake. Horretarako ez da nahikoa ikasleengan soilik oinarritzea, orain arte egin diren saio gehienetan gertatu den moduan, gainerako testuinguruetan ere eragin behar da, ingurunea aberastu behar da eta guztiok prestatu behar dugu.

Agente guztien gogoetak, elkarrizketak eta parte-hartzeak elkarrekin aberastea dakar. Honek guztiak aberastu egiten du irakaslea, ezagutzen ez zituen elementu berriak ezagutzen ditu, aurreiritziak eta iguripen negatiboak gainditzen laguntzen dio eta, honez gain, ziurtzat hartzen zituen gaiei buruz gogoeta eginarazten dio, hauek azaldu eta argudiatu behar ditu-eta. Bestalde familiak ere aberastu egiten ditu, gogoeta hezkuntza-prozesuetan, hezkuntza-harremanetan eta ikaskuntza instrumental eta kulturaleko edukietan oinarritzen baititu. Familiek eskolarekin erlazionatuta dagoen guztian partaide izateko duten gaitasunari dagokionez beren autoestimua hobetzen dute eta beren seme-alaben ikaskuntza-prozesuetako aliatu bihurtzen dira.

Gainera, irakasleentzat ez ezik, prestakuntza eskatzen duten familiakoak, boluntarioak eta prestakuntzaren gainerako agenteentzat ere programatzen da prestakuntza eta horretarako ikastetxearen instalazioak eta baliabideak erabil daitezke (informatikako gelak, literatur solasaldietarako aretoak, alfabetatzeko gela…).

Lehentasunetako bat inguru kaltetuetako ikasleak badira ere, ez da ikasle hauentzat gainerako ikasleekiko hezkuntza-eredu desberdina planteatzen, osabidezko hezkuntzaren kasuan gertatzen den bezalaxe; aitzitik, inguru kaltetuan eskua hartzea planteatzen da eta horretarako hezkuntzan ezagutzen diren elementurik onenak erabiliko dira eta baliabideak ahalik eta gehien optimizatuko dira. Hori dela-eta, eredu hau ez da mota bateko ikastetxe batzuetarako soilik baliagarria. Dena den, gertatu ohi denaren aurka, garrantzitsuagoa izango da ikasle kaltetuenetakoak dituzten ikastetxeetan baliabide onak eta ikasi eta irakasteko prozesu onak bermatzea beste ikastetxeetan bermatzea baino; izan ere, ikasle kaltetuenek eskolak beren eskura jartzen baditu soilik izan ditzakete eskura baliabide horiek. Beste gizarte-maila bateko ikasleek beste bide batzuk dituzte hauek lortzeko, hala nola, eskola partikularrak, etxeko ordenadorea edo liburutegia, Ingalaterrako egonaldiak, euskarako ikastaro trinkoak eta abar.

Errealitate hau aintzat hartuta, Ikaskuntza Komunitateetan eskolak denbora gehiago ematen du zabalik, hizkuntzekin eta teknologia berriekin lotzen diren edukiei ematen zaie lehentasuna, eskola-denbora osoan ikaskuntza gerta dadin bultzatzen da eta, horretarako beharrezkoa bada, ikasgela bakoitzean heldu bat baino gehiago egongo da, jantokiko denborak eta eskolaz kanpoko ekintzek ere printzipio berei jarraitzen diete eta hauek ere ikaskuntzarako denbora bihurtzen dira, familiek ere jakintza horiek lor ditzaten familientzako prestakuntza ere bultzatzen da eta, hala, familien prestakuntza areagotzeaz gain seme-alabena sendotu egiten da.

Bestalde taldearen beraren zein gainerakoaren estereotipoak eta iguripen txikiak hausten laguntzen du eta horrela beren autoestimua hobetzeko eta beste gizarte-taldeekiko mesfidantza murrizteko lagungarria gertatzen da. Oztopoak hausten ditu. Ezjakintasunak maiz ghettoak sortzeko prozesuak eragiten ditu eta gero eta inguru kaltetuetako ikasle gehiego edo bazterketa-egoeran dauden gutxiengoko ikasle gehiago dituzten eskoletan gizarte-maila ertainetako ikasleen ihesa gertatzen da, bai gatazkak sortzearen beldur, bai eskola horretako ikaskuntzen kalitateak behera egitearen beldur.

Ghettoak sortzeko prozesua oso aurreratuta ez badago, Ikaskuntza Komunitateen proiektuaren bitartez prozesua alderantzikatu edo gelditu ahal izango da eta ingurua birsortzen ari den kasuetan ere aldatu ahal izango da. Hainbat faktore dago hau hala gertatzeko:
* Familiek eskolan parte hartzerakoan elkar ezagutzen dute eta horrela elkarrekiko aurreiritziak eta mesfidantzak murriztu egiten dira.
* Familiek eskola barrutik ezagutzen dutenez gero, ikaskuntza-maila jaitsiko ez den eta beti elementurik edo baliabiderik berrienak bilatuko diren bermea dute eta gainera familiak berak dira horretan lagun dezaketen lehenak.
* Komunitatearen, elkarteen eta abarren lankidetza bilatzerakoan eskola aurrera ateratzeko, bezero berri izan daitezkeenei eskola ezagutarazteko eta abarretarako baliabideak eta laguntzak bilatzen dira.

Bestalde, erakunde, enpresa, elkarte eta antzekoen laguntza lortzea funtsezko elementua da guztion ahaleginarekin lortutako ikastetxearen irudi hobea sustatzeko.

Garrantzi handikoa da ikastetxe hauetan gizarte-mailan baloratzen diren ikaskuntzak bermatzea eta hauetako bat euskara izatea. Askotan elebitasuna ikasle batzuei zailtasunak gaineratzea dela uste izan da eta, hori dela-eta, gaztelaniaz ematen zaie laguntza euskarari edo euskaraz ematen den irakasgairen bati dagokion denboran, horrela euskarako eskakizunak gutxienera murrizten dira eta gauza bera gertatzen da estimulazioarekin, A ereduak aukeratzera zuzentzen zaie… Eta hau gizarte-bazterketako arrazoi bihur daiteke elebidun gisa definitzen den euskal gizartean; izan ere, ikastetxe-mailako bazterketa gerta daiteke –ikastetxeak baloratzen ez diren ikastetxe bihur daitezke– eta norbanako bazterketa gerta daiteke –gizarteratzea eta lan-munduratzea eragotzi dezake–. Bestalde, inguru kaltetuetako ikasleei eskola-ingurunetik bertatik elebidun izateko edo eleanitz izateko zailtasunak jartzeak ikasleak eleanitzak edo elebidunak ez izatea eragingo du, hezkuntza-baliabidea baita ikasle horrek elebitasuna edo eleaniztasuna lortzeko duen bitarteko bakarra. Gero eta esperientzia gehiagok frogatzen du elebitasuna zailtasun bat izan beharrean aberastasun-iturri dela, betiere behar bezala planteatzen bada.

Ikerketa desberdinak aintzat hartuta eta ez murriztea aberastea baizik printzipioa eta haur guztiontzat gure seme-alabentzat nahi dugun eskola bera nahi dugu printzipioa oinarri izanik, Ikaskuntza Komunitateen planteamenduetatik guztiaren ikaskuntza planteatzen da, arestian esan dugun moduan, eta, gainera, ezinbestekotzat hartzen dugun guztiaren ikaskuntza bermatzen da, hala nola euskara, ingelesa, gaztelania, gai instrumentalak, informatika eta guztiok baloratzen ditugun gainerako arlo guztiak (arte-hezkuntza, fisika…).

ALDAKETA-PROZESUAREN FASEAK
Ikaskuntza Komunitateen aldaketa-proiektua urrats edo fase desberdinetan sistematizatu den prozesu gisa planteatzen da. Fase edo urrats hauek beren testuinguruan hartu behar dira aintzat, eztabaidatu egin behar dira eta komunitate osoaren adostasuna izan behar dute. Baterako gogoeta honek adostasuna lortzea ahalbidetuko du, adostasuna funtsezkoa baita aldaketa hori gauzatzeko.

Prozesuaren faseak
· Sentsibilizazioa
· Erabakia hartzea
· Ametsa
· Lehentasunak aukeratzea
· Plangintza egitea
· Abian jartzea

Sentsibilizazio-fasea
Fase honetan familiei, irakasleei, Administrazioari, ikasleei, boluntarioei eta gizarte-agenteei ikaskuntza-komunitatearen oinarrizko printzipioen berri ematen zaie. Batik bat ondoko gaiak lantzeko hainbat lan-saio egiten dira: informazioaren gizarteari eta gizarte honek sortarazten dituen beharrei buruzko gogoeta; hezkuntza-eredu arrakastatsuen analisia; hezkuntza-desberdintasunen ondorioen analisia; ikastetxea Ikaskuntza Komunitate bihurtzeko prozesuaren eta komunitateak prozesu honetan duen inplikazioaren analisia; ikastetxearen beraren egoerari buruzko gogoeta.

Erabakia hartzea
Fase honetan ikastetxeak aldaketa-prozesuari hasiera emateko edo ez emateko konpromisoa hartu behar du. Sentsibilizazio-fasearen ondoren hartzen den erabakiak ondoko baldintzak bete beharko ditu:
KLAUSTROAREN gehiengoak egon beharko du proiektua gauzatzearen alde.
ESKOLA-KONTSEILUAK onartu beharko du proiektua.
Gainera GEk antolatutako biltzarrean gehiengoak onartu beharko du eta proiektua auzoko erakundeekin adostu beharko da.

Ametsaren fasea
Une honetan ematen zaio benetan hasiera ikastetxea aldatzeko zereginari. Fase honetan gizarte-agente guztiek zein motatako ikastetxetara gustatuko litzaiekeen joan, eskolak eman, haurrak eraman eta abar erabaki beharko dute. Aldaketarako ekarpen desberdinak egin ondoren komunitateak guztientzako nahi duen ikastetxea adostuko du.

Irakasleei eta gainerako profesionalei beren seme-alabentzat nahi duten eskola amets dezaten proposatuko zaie.

Amets gisa planteatzeak guztion parte-hartzea ahalbidetzen du, hizkuntza teknikoa baztertu egiten da eta hala adin desberdinetako neskek eta mutilek ere har dezakete parte (txikiek marrazkiak egin ditzakete). Bestalde, amets gisa planteatzeak baldintzatzaileak edo iguripen txikiak edo gaur egungo errealitatearekin gehiegi lotzen diren baldintzatzaileak edo iguripenak ahatz daitezen ahalbidetzen du. Ametsa ahalegin guztien jomuga izango den utopia gisa ulertu behar da eta elkarrizketaren motore gisa zein ekintzaren dinamizatzaile gisa azaltzen da.

Lehentasunak aukeratzea
Testuingurua aztertzen da eta errealitateak lortu nahi den ametsarekin duen kontrastea aintzat hartuta aukeratzen dira lehentasunak. Errealitateko zein alderdi aldatu behar diren jakiteko, sakontasunez ezagutu beharko dugu errealitatea. Ikastetxeari berari buruz gogoeta egiten badugu, zer baztertu behar den, zer suspertu behar den edo zer aldatu behar den jakin dezakegu.

Komunitateak ikastetxearen eta bere ingurunearen errealitatea aztertuko du zehatz-mehatz: ikastetxearen informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa; ikasleen, irakasleen eta administrazio-pertsonalaren erreferentziak; ikasleen eta familien komunitate eta kulturei buruzko informazioa; curriculum-praktiken deskribapena; eskolaren ahalmenei buruzko azterlana; irakasleen prestakuntza; baliabideak; familien aurreko parte-hartzea; ingurunea; auzoa; bertaratzeari buruzko erreferentziak; arrakasta; eskola-porrota; eta ikasleen jardunarekin lotzen diren beste neurri batzuk.

Une honetan ematen zaie lehentasuna aldaketa-prozesuaren jardun zehatzei, egin beharreko aldaketak identifikatzen dira eta aldaketa hauek lortzeko landu beharreko berehalako lehentasunak ezartzen dira.

Plangintza egitea
Aldatu beharreko alderdirik esanguratsuenei buruzko ekintza-plana egiten da. Irakasleak, familiak, ikasleak, langileak, tokiko elkarteetako kideak eta aholkulariak bilduko dituzten lan-batzordeak eratuko dira eta lan-batzorde hauek lehentasun jakin batean egingo dute lan. Horrenbestez, talde bat ikastetxeko sektore guztien parte-hartzea areagotzera zuzendu daiteke eta beste talde batzuek kultur aniztasuna, baliabideen bilaketa, ikaskuntza, curriculuma, ikasleen bertaratzea, jokabide-arazoak eta abar azter ditzakete.

Lan-batzorde hauek irtenbideak eta aldaketarako ekimenak lantzea eta gaineratzea dute helburu eta zuzendaritza-taldeak, klaustroak, eskola-kontseiluak eta gurasoen elkarteak hartuko dituzte irtenbide eta ekimen hauei buruzko erabakiak.

Abian jartzea
Fase honetan lehentasun bakoitzari dagokionez planifikatutako ekintzak abian jartzen dira. Berrikuntza eta esperimentazioko prozesu bati ematen zaio hasiera. Gogoeta-ekintzaren bidez egiten diren aldaketak esperimentatzen dira eta, analisien ondorioak eta egindako gogoetak abiapuntu izanik, prozesuak aldatu egiten dira.

Ikerketa honek (gogoeta-ekintza prozesua) komunitateak jakintza sor dezan, transmiti dezan eta gauzatu dezan bultzatu nahi du.

Lan-batzorde bakoitzak alderdi jakin bateko prestakuntza gehiago eskatu ahal izango du. Adibidez, kultur aniztasunari buruzko eta ikaskuntzaren alderdi zehatzei buruzko prestakuntza-jardunaldiak egin daitezke, arlo jakin batean maila areago daiteke…

Bileretan egindako faseak ebaluatzen dira. Ebaluazioa maila guztietan egiten da, lan-batzordeetan zein Ikaskuntza Komunitate osoko bileretan. Ebaluazioak proiektuan murgilduta dauden sektore guztietatik lortutako datuak hartuko ditu kontuan. Prozesuaren ebaluazioa da.

Era berean proiektuaz kanpoko ebaluazioa egitea eta egiten diren ebaluazioak mota desberdinetakoak izatea gomendatzen da. Proiektuaren barruan proiektuarekin koherentea den ebaluazioa planteatzen den arren, ikasleek ere gai izan beharko dute beren ikasle-bizitzan edo lan-bizitzan topo egingo dituzten mota guztietako ebaluazio estandarrak gainditzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario