martes, 3 de febrero de 2009

Ikas komunitateak

Ikaskuntza Komunitateen proiektua hezkuntzaren praktikan aldaketa eragiteko proiektu bat da eta aldaketa honen bitartez industri gizartea informazio-gizarte bihurtzeak eta gaur egungo gizartean gertatzen ari diren gainerako gizarte-aldaketa guztiek sortarazten dituzten erronkei eta premiei berdin erantzun nahi zaie.

Maila guztietan (ekonomian, gizartean eta abar) aldaketa handiak ari dira gertatzen, guztiok egunero ikus dezakegun moduan. Euskadi erabat murgilduta dago aldaketa-prozesu horretan. Dagoeneko gure ekonomiaren %55 baino gehiago zerbitzu-sektorekoa da eta gure industria Europaren batezbestekoa baino azkarrago ari da handitzen jasan duen birmoldaketaren ondoren; bidaiarien gehikuntza oso bizia da...

Aldaketa hauek guztiek ez dute eragin bera pertsona guztiengan eta adierazitako prozesuekin batera bestelako gizarte-bazterketako prozesu latzak ere agertzen dira: lanik ez duten eta, bizi duten bazterketa-egoera dela-eta, lana lortzea oso zaila duten pertsonak; gutxieneko egonkortasuna duen lanpostua izateko behar besteko prestakuntza ez duten pertsonak; oinarrizko titulazioa lortu aurretik eskola-porrota edo eskola-uztea nagusi den gizarte-taldeak; bazterketa-egoeran bizi diren gutxiengo etnikoak edo kultur gutxiengoak… Honez gain gizartearen zein eskolaren esparruan gora egin dute egoera gatazkatsuek.

Gaur egungo gizarteko analista garrantzitsu guztiek, Sen Nobel saritik hasita Castells soziologora, informazioaren kapitalismoaren eraginez desberdintasunak areagotu egin direla ohartarazi digute.
Une honetan gure lurraldeetako pertsona eta kolektibo guztiak aldaketa hauen protagonista eragile bihur daitezen lortzeko erronka planteatu da Europar Batasunean eta hezkuntza hartu da aho batez erronka honi aurre egiteko oinarri-oinarrizkotzat.

Hala eta guztiz ere, aldaketa hauekin batera eskolara begiratu eta eskoletan oso aldaketa txikiak gertatu direla ikus dezakegu, Haur Hezkuntzako zenbait alderditan eta Lehen Hezkuntzako hainbat esperientziatan izan ezik. Izan ere, erreferentziazko elementutzat metodologia nola hala aktiboak erabilita hainbat jakintza eman behar dituen irakasle bat eta ikasle-talde bat hartzen jarraitzen da. Irakasle horrek eman behar dituen edukiak maila edo zikloen arabera finkatzen dira eta eduki hauek norbanakoen ezaugarriak edo ikastetxearen testuinguruaren arabera malgutu ahal izango dira. Ikasleek eduki hauek zein mailatan bereganatu dituzten hainbat ebaluaziotan egiaztatzen da, ikasleek ebaluazio horietan jaso, memorizatu eta, kasurik onenean, eraiki duten guztia “irauli” behar baitute.

Dinamika honetan eta eskola-porrotari eta bizikidetasunari dagokionez sortzen ari diren arazoen aurrean ez da eskola aldatu behar denik pentsatzen. Oro har, arazoa ikasleena edo beren familiena edo beren inguruarena dela pentsatu ohi da. Hori dela-eta, askotan neurri nolabait baztertzaileak hartu izan dira, hala nola beren urritasunak konpentsatzeko ikasgeletatik ateratzea, talde malguak sortzea eta/edo eduki konplexuak eta beharrezkoak baztertu eta norbanako curriculum-egokitzapenak egitea; horrela etapa horretako helburuak lortzeari uko egiten zaio, ikasle horrek inolako minusbaliotasunik izan gabe. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, aldiz, zailtasun handiagoak dituztenak biltzeko eta ikasgela arruntetatik eta, ahal izanez gero, ikastetxetik bertatik ateratzeko proposamena egin ohi da.

Etengabe egiaztatzen dugu mota honetako neurriek ez dutela egoera hobetzen eta, are gehiago, hainbat kasutan egoera okertu baino ez dutela egiten. Eskola-porrotak oso handia izaten dira eta kopuru horietan erdi kaltetutako ikasleen oso ehuneko handia antzematen dugu. Pertsona askorentzat hau guztia saihestezina da, pertsona hauen iritziz eskolak ezin du gauza handirik egin, eskolaratzea biztanleria osora zabaltzeko ordaindu beharreko prezioa dela eta eskolak gizartean gertatzen diren desberdintasunak irudikatu besterik ez dituela egiten uste baitute.

Nolanahi ere, munduko alde desberdinetan garatu diren hezkuntza-mailako teoria, analisi eta proiektuek frogatzen dutenez, eskola funtsezkoa da pertsonei baztertuta ez geratzeko eta gizarteratu eta lan-munduratzeko beharrezko gaitasunak eskaintzeko. Eskola informazio-sektorearen parte da, eskolan informazioarekin, hots, jakintzarekin, egiten da lan, informazioa hautatu egiten da, prozesatu egiten da, aplikatu egiten da. Izatez, hezkuntzaren esparruarekin lotuta dagoen lanbidea duen guraso bat edo biak dituzten seme-alabek osatzen dute eskolan arrakasta handien duten sektoreetako bat. Gaur egungo eskolak ikasle orori gaitasun horiek emango badie, eraldatu egin beharko da.

Euskal Hezkuntza Sisteman XXI. mendeko premietara egokitzeko aldaketak ari dira gertatzen eta ondoko alderdietan laburbil daitezke ildo edo programa nagusiak: informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzea, ikastetxe guztietan Interneten sartzeko aukera izatea, hizkuntzen eta bestelako arlo instrumentalen ikaskuntza eta tratamendu integratua burutzea, eskola-porrotari aurre egiteko estrategia eta programak garatzea eta ikastetxeetan bizikidetasuna hobetzea.

Testuinguru honetan Ikaskuntza Komunitateak XXI. mendeko hezkuntzaren premia eta erronkei aurre egiteko sortu dira. Hauek ondokoa alderdietan laburbil daitezke:

· Desberdintasunak gainditzea. Informazioaren gizartean hezkuntza-berdintasunaren aldeko apustu argia egin behar da, pertsona askok bizi dituzten gizarte-bazterketako prozesuei eta desberdintasun-egoerei aurre egingo bazaie. Honela kideetako bakar batek ere goi-mailako ikasketarik ez duen familietatik datozen ikasleen artean nagusi den porroterako joera alderantzikatu nahi da.

· Pertsona guztiei gaur egungo premiei aurre egiteko kalitatezko hezkuntza bat eskaintzea.
Pertsona guztiek eskolan urte batzuk eman behar dituztenez gero, eskola funtsezko espazio izan daiteke gaitasunak garatzeko eta guztiok informazioaren gizartearen barruan egoera berriei aurre egiteko tresnak garatzeko. Adierazitako gaitasun hauetako batzuk ondokoak dira:
- Informazioa prozesatzea, aukeratzea eta sortzea edo aplikatzea
- Malgutasuna, talde-lana, erabakiak hartzea, autonomia.

· Pertsona guztiei elkarrizketa eta kritikarako gaitasuna eskaintzea Euskal Herrian berdintasunezko eta kultur arteko gizarte solidarioa eraikitzearren.
Eskola elkarrizketarako gaitasun hori garatzeko funtsezko sozializazio-espazioa da. Talde desberdinen eta kultura desberdinen arteko elkarrizketa, komunitatea osatzen duten agente desberdinen (ikasleen, irakasleen, familien, irakasleak ez diren langileen, elkarteen, hezitzaileen…) arteko elkarrizketa.

Eskolak ezin die berak bakarrik premia guzti hauei aurre egin. Gero eta ikerketa eta azterlan gehiagok jakinarazten digute ikaskuntza ez dela irakasle-ikasle harremanaren edo ikasleen arteko elkarrekintzaren bitartez soilik gertatzen. Ikasleek bizi dituzten testuinguruetako bakoitzean (familian, auzoan, eskolan…) gertatzen da ikaskuntza. Ikaskuntza desberdinen artean batura gerta dadin eta kenketarik gerta ez dadin behar-beharrezkoa da nolabaiteko jarraitasuna izatea eta testuinguru desberdinen artean erlazioa egotea. Eskolako eta familiako kulturek bat egiten dutenean, nahiz eta familiaren eta eskolaren artean elkarrizketarik ez izan, gertatzen da batez ere jarraitasun hau. Hala ere, eskolako eta familiako kulturak desberdinak izanik jarraitasun hori lortu nahi bada, beharrezkoa izango da ildo horretara bideratuko den asmo-ekintza gauzatzea eta elkarrizketa eta lankidetza sendotzea.

Bestetik, hezkuntza-sistemak dualizaziorako joera gainditu behar du, dualizaziorako joera hau aniztasun horietako batzuen atzean edo horiez gain gizarte-desberdintasunak daudela ahaztu egiten duten aniztasunaren tratamendu edo konpentsazio-planteamenduen ondorio dira. Ildo honetan, ingurua aintzat hartu behar dela eta ingurura egokitu behar dela proposatzen denean desberdintasunari eutsi egin behar zaiola ari da proposatzen. Batetik, ahalegina eta arestian deskribatu ditugun gaitasunetako batzuk edo guztiak neurri handiagoan edo txikiagoan lantzen dituzten eta ikasleek goi-mailako ikasketak osa ditzaten lortzera orientatzen diren ikastetxeak ditugu. Beste muturrean, beren ikasleek edo beren ikasleen zati batek gutxieneko eduki batzuk, bizikidetasun-ohiturak eta beren ingurunean behar dituzten baliabideak ikas ditzaten lortzera orientatzen diren ikastetxeak ditugu. Kasu hauetan ikasle horiek hezkuntza-maila jakin batzuk lortzeko interesik edo aukerarik ez dutela hartzen da abiapuntutzat eta honela diskurtso bikoitzak indartu egiten dira: gainerako seme-alabentzat hezkuntza jakin bat antolatzen dugu eta gure seme-alabentzat beste hezkuntza bat ziurtatzen dugu.

Ez da testuingurura egokitzea proposatzen; aitzitik, testuingurua aldatu nahi da, Vygotsky-k (1979) proposatu zuen moduan eta gizarte-teoriek (Habermas, 1987, 1998) eta hezkuntza-teoriek (Freire, 1997) proposatzen duten moduan. Aniztasunaren aberastasuna eta aniztasunaren alderdi positiboak hartu behar dira aintzat, aniztasuna bera hartu behar da abiapuntutzat, baina desberdintasuna eragiten duen guztia aldatu behar da, guztion aberastasuna lortzen saiatu behar da.

Ikaskuntza Komunitateen proiektua Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta CREAren artean sinatutako lau urteko hitzarmenaren ondorioz sortu da eta hitzarmen honen bidez CREAk diseinatutako proiektua Euskadiko lau ikastetxetan jarri da abian. Ikastetxe aitzindaria Portugaleteko (Bizkaia) “Ruperto Medina” ikastetxea izan da, ikastetxe honek 95-96 ikasturtean eman zion hasiera esperientziari. Ondoren, 96-97 ikasturtean beste hiru ikastetxe gaineratu zitzaizkion: Gasteizko “Ramon Bajo” ikastetxea, Bilboko “Artatse” ikastetxea eta Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) “Karmengo Amaren Herri eskola”. Lau urte hauetan aholkularitza-lanak CREAren eta ikastetxe bakoitzeko esparruko Pedagogi Aholkutegietako aholkulari baten esku izan dira, hau da, Gasteizko Pedagogi Aholkutegiaren, Errenteriako Pedagogi Aholkutegiaren, Sestaoko Pedagogi Aholkutegiaren eta CEIren aholkularien esku. Gaur egun ikastetxe hauez gain beste ikastetxe batzuk ere ari dira esperientzian gaineratzen, hala nola Lekeitioko LHI eta Etxebarriko San Antonio LHI; gainera beste hiru ikastetxek ere eskatu dute gai honetako prestakuntza (Lamiakoko LHIk, Marcos Sagasti LHIk eta Kueto LHIk). Aholkularitza-taldea ikastetxe bakoitzari dagokion Pedagogi Aholkutegiko aholkulariez osatuta dago, betiere CEIren koordinaziopean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario