martes, 3 de febrero de 2009

Proiektuaren oinarrizko printzipioak

Proiektu honek ikasteko eta irakasteko ilusioa piztu nahi du, gaur egungo egoerak ez du inor asetzen eta guztion nahia da haur bakar batek ere ez dezala bere kulturagatik, estatusagatik, generoagatik edo gaitasunagatik bere burua baztertutzat har, ikastetxeek kalitatezko hezkuntza eman dezatela, irakasleak berritzeko, esperimentatzeko eta ikasgeletan ikasteko autonomia handiagoa izan dezala, familiek eta komunitateak beren seme-alaben hezkuntza integralaren partaidetzat har dezatela beren burua eta, era berean, gizarte-testuingurua alda dadila eta guztiontzako aberasgarriagoa izan dadila.

Eskolak, informazioaren sektoreko partaide gisa, guztiek beharrezko tresnak eskura izatearen eta aldaketa gertatzearen alde egin dezake lan, desberdintasunak murritz daitezen lagun dezake, komunitateko agente guztien parte-hartze kritikoa eta aktiboa susta dezake eta agente hauen artean –agentea hauek berdintzat hartuta– elkarrizketa susta dezake eta hori guztia desberdintasuna errespetatu eta aintzat hartuta.

Nahi dugun eskola diseinatzeko eta diskurtso bikoitzak saihesteko gure seme-alabentzat nahi genukeen eskola egitea planteatzen da. Hori dela-eta, irakasleek eta beste agente batzuek zein motatako eskola diseinatu nahi dugun gaiari buruzko gogoeta egiterakoan beren seme-alabentzat nahi duten eskola hartuko dute erreferentziatzat eta ez planteamendu ideologiko eta pedagogiko desberdinetatik edota errealitatearen irakurketa desberdinetatik definituko luketen eskola.

Funtsezkoa da helburuak partekatzea. Testuinguru desberdinetan ikasten bada eta testuinguru hauek koordinatuta egotearen arabera eta/edo testuinguru hauen artean nolabaiteko jarraitasuna egotearen arabera gehiago edo gutxiago ikasten bada, gomendagarria izango litzateke –eta aztergai ditugun egoera hauetan ezinbestekoa– komunitateko kide guztiek ikaskuntzaren helburu berak izatea eta, hala, ahalegin guztiak noranzko berean bideratzea, guztiok batera helburu bera lortzearren.

Komunitateko kide guztien parte-hartzea. Helburuak partekatzeko irakasleen parte-hartzea ez ezik, familia, ikasle, elkarte, irakasle ez diren langile, boluntario eta abarren parte-hartzea ere beharrezkoa izango da. Parte-hartze honek ikastetxeari, ikaskuntzari eta beste alderdi batzuei buruzko erabakietan du eragina, bai eta aurretiazko prestakuntzaren ondoriozko ikasgelako edo ikastetxeko lankidetzan, familiakoen prestakuntzan eta beste hainbat alderditan ere. Nahi dugun eskola irakasleen eta komunitateko gainerako kideen artean diseinatzen da. Lana kudeatzeko organo berriak eratzen dira (batzorde mistoak) eta komunitateak hauetan duen parte-hartzea zeregin zehatzetan oinarritzen da.

Parte-hartze hau ikasgelaraino hel daiteke eta, horrela, ikasgela batean ez du beti irakasle bakar batek talde batekin bakarrik lan egingo, batzuetan irakaslearen koordinaziopean hainbat helduk (boluntarioak…) egingo dute lan. Hauen artean elkarrizketa nagusituko da eta ikasleekin ere elkarrizketa sortuko da, elkarrizketa hauek guztiok elkarrekin aberasteko baliagarri izango dira eta hauen bitartez ingurua ere aldatzen hasiko da.

Kultura desberdinetako pertsonen artean parekotik parekorako elkarrizketaren bitartez konpromiso eta negoziaziorako maila handiko berdintasunezko parte-hartze handiagoa lortzen den heinean hitz egin ahal izango da benetako kultura arteko hezkuntza sustatzeko bideaz.

Pertsona guztiak gara gure gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko gauza eta, horrenbestez, iguripen handiko giroa sortzen dugu, ikasleei dagokienez nola irakasleei, familiei eta komunitateari dagokienez; guztiok dugu talentua eta talentu hori komunitatearen alde jartzeko antzeman behar dugu.

Ikasleek normalean aplikatzen dutena baino gaitasun handiagoa dute. Osabidezko planteamendu batetik pertsona guztiek dugun komunikaziorako eta ekintzarako gaitasunetan oinarritzen den planteamendu aberasle batera pasa gara. Defizitetan oinarritu beharrean aukeretan oinarritzen da. Gutxieneko helburuak finkatu beharrean gehieneko helburuak finkatzen dira eta helburu hauek lortzeko bitarteko guztiak jartzen dira.

Oro har, irakasleak, tradizionalenak zein aurrerakoienak, bat datoz interes komun batean, hau da, ikasleek arrakasta izan dezaten, ikas dezaten interesean. Premisa hau eta pertsona bakoitzak dituen interesak edo gaitasunak oinarritzat hartuta esleitzen zaio bakoitzari zereginik egokiena.

Familia guztiek nahi dute beren seme-alabentzat onena. Hauxe izan beharko luke hauekiko elkarrizketaren abiapuntua eta hori planteatzeko formula berriak bilatu beharko dira: batzordeak, kafearen ordua, solasaldiak… Elkarrizketa hori elkarrekiko prestakuntzaren oinarria da, irakasleak ezagutzen ez zituzten elementu berriekin aberasten dira eta gainera ziurtzat hartzen zituzten gaiei buruz gogoeta eginarazten die, hauek azaldu eta argudiatu beharko baitituzte. Bestalde gogoeta hezkuntza-prozesuetan, hezkuntza-harremanetan eta ikaskuntza instrumental eta kulturaleko edukietan oinarrituta, familiak ere aberastu egiten ditu. Gainera, irakasleak ez ezik, prestakuntza eskatzen duten familiakoak, boluntarioak eta prestakuntzaren gainerako agenteak ere prestatzen dira eta horretarako ikastetxearen instalazioak eta baliabideak erabil daitezke (informatikako gelak, solasaldietarako aretoak…).

Nagusiena ikaskuntza da. Haur guztiek beren gaitasunak ahalik eta gehien garatu ahal izan ditzaten formula alternatiboak bilatzen dira guztien artean. Ikasleei ahalegina eskatzen zaie, ikaskuntza suspertuko duen ingurunea bultzatzen da,ikasgelan eta ikastetxean beti lanean aritzea bultzatzen da eta horretarako eskola-orduak gehitzen dira. Hori dela-eta, komunitatearen, hots, boluntarioen parte-hartzea hartuko da kontuan, beharrezkotzat hartzen bada (ikasgelan bertan ikasleek beti laguntza izan dezaten zein eskolaz kanpoko orduetan ikasleentzat eta irakasleentzat aberasgarriak izango diren jarduera anitz eginez, ordutegi zabal batean zabalik izango den eta tutore bat izango duen liburutegia, eskolako jantoki hezitzailea…) Ikaskuntza sendo, konplexu, garrantzitsu edo oinarrizkoak planteatzen dira, hala nola informazioa prozesatzea eta aukeratzea, talde-lana, proiektuak, hizkuntzak… Baliabiderik onenak, metodologiarik onenak, hezkuntza-praktikarik onenak, elkarrekintza-taldeak, interneterako konexioak eta abar eskaintzeko ahaleginak egiten dira.

Ikaskuntzaren ordutegia zabaldu egiten da eta horretarako tutoreak dituzten liburutegiak antolatzen dira –liburutegi hauetan irakasleak ez ezik, familiakoak eta boluntarioak ere badaude–, jantokia jantoki hezitzaile bihurtzen da, eskolaz kanpoko jarduerak aberasgarriak dira, guztion parte-hartzea sustatzen da, ikastetxeko ateak lehenago zabaltzen dira goizez…

Gizarteratzea
Gizarte-bazterketaren arazoak hezkuntza-esparrua gainditzen du, eskolak gizarte-bazterketa iraunarazten lagun dezake, inguru kaltetuetako ikasleen eskola-porrotaren bitartez, edo gizarte-bazterketa gainditzen lagun dezake. Horretarako ez da nahikoa ikasleengan soilik oinarritzea, orain arte egin diren saio gehienetan gertatu den moduan, gainerako testuinguruetan ere eragin behar da, ingurunea aberastu behar da eta guztiok prestatu behar dugu.

Agente guztien gogoetak, elkarrizketak eta parte-hartzeak elkarrekin aberastea dakar. Honek guztiak aberastu egiten du irakaslea, ezagutzen ez zituen elementu berriak ezagutzen ditu, aurreiritziak eta iguripen negatiboak gainditzen laguntzen dio eta, honez gain, ziurtzat hartzen zituen gaiei buruz gogoeta eginarazten dio, hauek azaldu eta argudiatu behar ditu-eta. Bestalde familiak ere aberastu egiten ditu, gogoeta hezkuntza-prozesuetan, hezkuntza-harremanetan eta ikaskuntza instrumental eta kulturaleko edukietan oinarritzen baititu. Familiek eskolarekin erlazionatuta dagoen guztian partaide izateko duten gaitasunari dagokionez beren autoestimua hobetzen dute eta beren seme-alaben ikaskuntza-prozesuetako aliatu bihurtzen dira.

Gainera, irakasleentzat ez ezik, prestakuntza eskatzen duten familiakoak, boluntarioak eta prestakuntzaren gainerako agenteentzat ere programatzen da prestakuntza eta horretarako ikastetxearen instalazioak eta baliabideak erabil daitezke (informatikako gelak, literatur solasaldietarako aretoak, alfabetatzeko gela…).

Lehentasunetako bat inguru kaltetuetako ikasleak badira ere, ez da ikasle hauentzat gainerako ikasleekiko hezkuntza-eredu desberdina planteatzen, osabidezko hezkuntzaren kasuan gertatzen den bezalaxe; aitzitik, inguru kaltetuan eskua hartzea planteatzen da eta horretarako hezkuntzan ezagutzen diren elementurik onenak erabiliko dira eta baliabideak ahalik eta gehien optimizatuko dira. Hori dela-eta, eredu hau ez da mota bateko ikastetxe batzuetarako soilik baliagarria. Dena den, gertatu ohi denaren aurka, garrantzitsuagoa izango da ikasle kaltetuenetakoak dituzten ikastetxeetan baliabide onak eta ikasi eta irakasteko prozesu onak bermatzea beste ikastetxeetan bermatzea baino; izan ere, ikasle kaltetuenek eskolak beren eskura jartzen baditu soilik izan ditzakete eskura baliabide horiek. Beste gizarte-maila bateko ikasleek beste bide batzuk dituzte hauek lortzeko, hala nola, eskola partikularrak, etxeko ordenadorea edo liburutegia, Ingalaterrako egonaldiak, euskarako ikastaro trinkoak eta abar.

Errealitate hau aintzat hartuta, Ikaskuntza Komunitateetan eskolak denbora gehiago ematen du zabalik, hizkuntzekin eta teknologia berriekin lotzen diren edukiei ematen zaie lehentasuna, eskola-denbora osoan ikaskuntza gerta dadin bultzatzen da eta, horretarako beharrezkoa bada, ikasgela bakoitzean heldu bat baino gehiago egongo da, jantokiko denborak eta eskolaz kanpoko ekintzek ere printzipio berei jarraitzen diete eta hauek ere ikaskuntzarako denbora bihurtzen dira, familiek ere jakintza horiek lor ditzaten familientzako prestakuntza ere bultzatzen da eta, hala, familien prestakuntza areagotzeaz gain seme-alabena sendotu egiten da.

Bestalde taldearen beraren zein gainerakoaren estereotipoak eta iguripen txikiak hausten laguntzen du eta horrela beren autoestimua hobetzeko eta beste gizarte-taldeekiko mesfidantza murrizteko lagungarria gertatzen da. Oztopoak hausten ditu. Ezjakintasunak maiz ghettoak sortzeko prozesuak eragiten ditu eta gero eta inguru kaltetuetako ikasle gehiago edo bazterketa-egoeran dauden gutxiengoko ikasle gehiago dituzten eskoletan gizarte-maila ertainetako ikasleen ihesa gertatzen da, bai gatazkak sortzearen beldur, bai eskola horretako ikaskuntzen kalitateak behera egitearen beldur.

Ghettoak sortzeko prozesua oso aurreratuta ez badago, Ikaskuntza Komunitateen proiektuaren bitartez prozesua alderantzikatu edo gelditu ahal izango da eta ingurua birsortzen ari den kasuetan ere aldatu ahal izango da. Hainbat faktore dago hau hala gertatzeko:

* Familiek eskolan parte hartzerakoan elkar ezagutzen dute eta horrela elkarrekiko aurreiritziak eta mesfidantzak murriztu egiten dira.
* Familiek eskola barrutik ezagutzen dutenez gero, ikaskuntza-maila jaitsiko ez den eta beti elementurik edo baliabiderik berrienak bilatuko diren bermea dute eta gainera familiak berak dira horretan lagun dezaketen lehenak.
* Komunitatearen, elkarteen eta abarren lankidetza bilatzerakoan eskola aurrera ateratzeko, bezero berri izan daitezkeenei eskola ezagutarazteko eta abarretarako baliabideak eta laguntzak bilatzen dira.

Bestalde, erakunde, enpresa, elkarte eta antzekoen laguntza lortzea funtsezko elementua da guztion ahaleginarekin lortutako ikastetxearen irudi hobea sustatzeko.

Garrantzi handikoa da ikastetxe hauetan gizarte-mailan baloratzen diren ikaskuntzak bermatzea eta hauetako bat euskara izatea. Askotan elebitasuna ikasle batzuei zailtasunak gaineratzea dela uste izan da eta, hori dela-eta, gaztelaniaz ematen zaie laguntza euskarari edo euskaraz ematen den irakasgairen bati dagokion denboran, horrela euskarako eskakizunak gutxienera murrizten dira eta gauza bera gertatzen da estimulazioarekin, A ereduak aukeratzera zuzentzen zaie… Eta hau gizarte-bazterketako arrazoi bihur daiteke elebidun gisa definitzen den euskal gizartean; izan ere, ikastetxe-mailako bazterketa gerta daiteke –ikastetxeak baloratzen ez diren ikastetxe bihur daitezke– eta norbanako bazterketa gerta daiteke –gizarteratzea eta lan-munduratzea eragotzi dezake–. Bestalde, inguru kaltetuetako ikasleei eskola-ingurunetik bertatik elebidun izateko edo eleanitz izateko zailtasunak jartzeak ikasleak eleanitzak edo elebidunak ez izatea eragingo du, hezkuntza-baliabidea baita ikasle horrek elebitasuna edo eleaniztasuna lortzeko duen bitarteko bakarra. Gero eta esperientzia gehiagok frogatzen du elebitasuna zailtasun bat izan beharrean aberastasun-iturri dela, betiere behar bezala planteatzen bada.

Ikerketa desberdinak aintzat hartuta eta ez murriztea aberastea baizik printzipioa eta haur guztiontzat gure seme-alabentzat nahi dugun eskola bera nahi dugu printzipioa oinarri izanik, Ikaskuntza Komunitateen planteamenduetatik guztiaren ikaskuntza planteatzen da, arestian esan dugun moduan, eta, gainera, ezinbestekotzat hartzen dugun guztiaren ikaskuntza bermatzen da, hala nola euskara, ingelesa, gaztelania, gai instrumentalak, informatika eta guztiok baloratzen ditugun gainerako arlo guztiak (arte-hezkuntza, fisika…).

ERALDAKETA -PROZESUAREN FASEAK
Ikaskuntza Komunitateen aldaketa-proiektua urrats edo fase desberdinetan sistematizatu den prozesu gisa planteatzen da. Fase edo urrats hauek beren testuinguruan hartu behar dira aintzat, eztabaidatu egin behar dira eta komunitate osoaren adostasuna izan behar dute. Baterako gogoeta honek adostasuna lortzea ahalbidetuko du, adostasuna funtsezkoa baita aldaketa hori gauzatzeko.

Prozesuaren faseak
· Sentsibilizazioa
· Erabakia hartzea
· Ametsa
· Lehentasunak aukeratzea
· Plangintza egitea
· Abian jartzea

Sentsibilizazio-fasea
Fase honetan familiei, irakasleei, Administrazioari, ikasleei, boluntarioei eta gizarte-agenteei ikaskuntza-komunitatearen oinarrizko printzipioen berri ematen zaie. Batik bat ondoko gaiak lantzeko hainbat lan-saio egiten dira: informazioaren gizarteari eta gizarte honek sortarazten dituen beharrei buruzko gogoeta; hezkuntza-eredu arrakastatsuen analisia; hezkuntza-desberdintasunen ondorioen analisia; ikastetxea Ikaskuntza Komunitate bihurtzeko prozesuaren eta komunitateak prozesu honetan duen inplikazioaren analisia; ikastetxearen beraren egoerari buruzko gogoeta.

Erabakia hartzea
Fase honetan ikastetxeak aldaketa-prozesuari hasiera emateko edo ez emateko konpromisoa hartu behar du. Sentsibilizazio-fasearen ondoren hartzen den erabakiak ondoko baldintzak bete beharko ditu:
KLAUSTROAREN gehiengoak egon beharko du proiektua gauzatzearen alde.
ESKOLA-KONTSEILUAK onartu beharko du proiektua.
Gainera GEk antolatutako biltzarrean gehiengoak onartu beharko du eta proiektua auzoko erakundeekin adostu beharko da.

Ametsaren fasea

Une honetan ematen zaio benetan hasiera ikastetxea aldatzeko zereginari. Fase honetan gizarte-agente guztiek zein motatako ikastetxetara gustatuko litzaiekeen joan, eskolak eman, haurrak eraman eta abar erabaki beharko dute. Aldaketarako ekarpen desberdinak egin ondoren komunitateak guztientzako nahi duen ikastetxea adostuko du.

Irakasleei eta gainerako profesionalei beren seme-alabentzat nahi duten eskola amets dezaten proposatuko zaie.

Amets gisa planteatzeak guztion parte-hartzea ahalbidetzen du, hizkuntza teknikoa baztertu egiten da eta hala adin desberdinetako neskek eta mutilek ere har dezakete parte (txikiek marrazkiak egin ditzakete). Bestalde, amets gisa planteatzeak baldintzatzaileak edo iguripen txikiak edo gaur egungo errealitatearekin gehiegi lotzen diren baldintzatzaileak edo iguripenak ahatz daitezen ahalbidetzen du. Ametsa ahalegin guztien jomuga izango den utopia gisa ulertu behar da eta elkarrizketaren motore gisa zein ekintzaren dinamizatzaile gisa azaltzen da.

Lehentasunak aukeratzea

Testuingurua aztertzen da eta errealitateak lortu nahi den ametsarekin duen kontrastea aintzat hartuta aukeratzen dira lehentasunak. Errealitateko zein alderdi aldatu behar diren jakiteko, sakontasunez ezagutu beharko dugu errealitatea. Ikastetxeari berari buruz gogoeta egiten badugu, zer baztertu behar den, zer suspertu behar den edo zer aldatu behar den jakin dezakegu.

Komunitateak ikastetxearen eta bere ingurunearen errealitatea aztertuko du zehatz-mehatz: ikastetxearen informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa; ikasleen, irakasleen eta administrazio-pertsonalaren erreferentziak; ikasleen eta familien komunitate eta kulturei buruzko informazioa; curriculum-praktiken deskribapena; eskolaren ahalmenei buruzko azterlana; irakasleen prestakuntza; baliabideak; familien aurreko parte-hartzea; ingurunea; auzoa; bertaratzeari buruzko erreferentziak; arrakasta; eskola-porrota; eta ikasleen jardunarekin lotzen diren beste neurri batzuk.

Une honetan ematen zaie lehentasuna aldaketa-prozesuaren jardun zehatzei, egin beharreko aldaketak identifikatzen dira eta aldaketa hauek lortzeko landu beharreko berehalako lehentasunak ezartzen dira.

Plangintza egitea

Aldatu beharreko alderdirik esanguratsuenei buruzko ekintza-plana egiten da. Irakasleak, familiak, ikasleak, langileak, tokiko elkarteetako kideak eta aholkulariak bilduko dituzten lan-batzordeak eratuko dira eta lan-batzorde hauek lehentasun jakin batean egingo dute lan. Horrenbestez, talde bat ikastetxeko sektore guztien parte-hartzea areagotzera zuzendu daiteke eta beste talde batzuek kultur aniztasuna, baliabideen bilaketa, ikaskuntza, curriculuma, ikasleen bertaratzea, jokabide-arazoak eta abar azter ditzakete.

Lan-batzorde hauek irtenbideak eta aldaketarako ekimenak lantzea eta gaineratzea dute helburu eta zuzendaritza-taldeak, klaustroak, eskola-kontseiluak eta gurasoen elkarteak hartuko dituzte irtenbide eta ekimen hauei buruzko erabakiak.

Abian jartzea

Fase honetan lehentasun bakoitzari dagokionez planifikatutako ekintzak abian jartzen dira. Berrikuntza eta esperimentazioko prozesu bati ematen zaio hasiera. Gogoeta-ekintzaren bidez egiten diren aldaketak esperimentatzen dira eta, analisien ondorioak eta egindako gogoetak abiapuntu izanik, prozesuak aldatu egiten dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario